Bitxiloreen jatorria argitu lezakeen fosil ederra
2010/09/28 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Lore baten fosil eder hau Patagoniako arroka batzuetan aurkitu dute, eta gaur egun ezagutzen ditugun bitxiloreen edo eguzki-loreen ahaide zahar bat izan daitekeela uste dute ikertzaileek. Aurkikuntza egin deneko arrokak duela 47,5 milioi urte (Eozenoaren erdialdera) sortu zirenez, ikerlariek iradoki dute aipatutako landareen taldea bera ere duela 50 bat milioi urte sortu zela; Hego Amerikako hegoaldean bertan, ziurrenik.
Asteracaea landare loredunen taldeetan handiena eta anitzena da; 23.000 bat espezie biltzen ditu, bitxiloreak, eguzki-loreak eta, besteak beste, txikoria-belarrak ere tartean. Antartikan izan ezik, gainontzeko kontinente guztietan badago. Baina orain artean ez zegoen datu nahikorik taldearen jatorria zein zen jakiteko. Ikertzaileek lehendik zituzten susmoek ere Hego Amerikan kokatzen zuten, eta hori berrestera etorri da, hain zuzen, 2002an fosil-bilatzaile amateur batek aurkitutako fosila. Argentinako Zientzia Naturalen Museoko ikertzaileek egin dute ikerketa.
Fosildutako landarea oso ondo kontserbatuta dago, eta ikertzaileek Asteracaea taldean sailkatu dute, haren ezaugarri berberak dituela baieztatu ostean. Esaterako, loreak antzeko modu batean taldekatuta ditu, ile-itxura duten irtengune batzuk ere baditu loreen artean, eta, lore-multzoaren azpian, hostoen antzeko estruktura ageri du. Gainera, taldean ohikoak diren polen-aleak ere aurkitu dituzte.
Irudia: Science.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia