}

Bitxiloreen ahaide baten fosila Patagonian

2010/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bitxiloreen ahaide baten fosila Patagonian
2010/11/01 | Elhuyar
Asteraceae familian sailkatu dute Patagonian aurkitutako fosila. Arg.: Science.

Bitxiloreen edo eguzki-loreen ahaide baten fosila aurkitu dute Patagoniako arroka batzuetan. Aurkikuntza egin deneko arrokak duela 47,5 milioi urte (Eozenoaren erdialdera) sortu zirenez, ikertzaileek iradoki dute aipatutako landareen taldea bera ere duela 50 bat milioi urte sortu zela; Hego Amerikako hegoaldean bertan, ziurrenik.

Asteraceae landare loredunen taldeetan handiena eta anitzena da; 23.000 bat espezie biltzen ditu, bitxiloreak, eguzki-loreak eta txikoria-belarrak tartean. Antartikan izan ezik, gainontzeko kontinente guztietan badago. Baina orain artean ez zegoen datu nahikorik taldearen jatorria zein zen jakiteko. Ikertzaileek lehendik zituzten susmoek ere Hego Amerikan kokatzen zuten, eta hori berrestera etorri da, hain zuzen, 2002an fosil-bilatzaile amateur batek aurkitutako fosila. Argentinako Zientzia Naturalen Museoko ikertzaileek egin dute ikerketa.

Fosildutako landarea oso ondo kontserbatuta dago, eta ikertzaileek Asteraceae taldean sailkatu dute, haren ezaugarri berberak dituela baieztatu ostean. Esaterako, loreak antzeko modu batean taldekatuta ditu, ile-itxura duten irtengune batzuk ere baditu loreen artean, eta, lore-multzoaren azpian, hostoen antzeko egitura ageri du. Gainera, taldean ohikoak diren polen-aleak ere aurkitu dituzte.

1
269
2010
11
003
Botanika
Albisteak
8

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia