Biozientzia berri bat: glikonanoteknologia

Astelehenean hasi zen, Industri jakintzatik Biziaren Zientzietara izenburupean, Saretek -ek antolatu duen Zientzia eta Teknologiaren 2. Astea. Helburua Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan biozientzien berri ematea da, eta etorkizunean izango duten garrantzi estrategikoa nabarmentzea.
Soledad Penadés biozientzia berri batez aritu da Zientzia eta Teknologiaren Astean.

Hitzaldiez gain, jardunaldi irekiak izango dira Donostia, Bilbo eta Gasteizko parke teknologikoetan eta Zientziaren Kutxaespazioan. Eta, hori gutxi balitz, bioteknologiako esperimentuak zuzenean ikusteko aukera ere izango da.

Gonbidatutako hizlarien artean, Soledad Penadés dago. Emakume ikertzaile honek Isla de la Cartuja Ikerketa Zentroan dihardu lanean, karbohidratoen lan-taldean, eta atzo biozientzia berri baten berri eman zigun: glikonanoteknologia.

Soledad Penadésen taldeak zelularen mintzean gertatzen diren gluzido-gluzido eta gluzido-proteina elkarrekintzak ex vivo ikertzen ditu. Zelularen mintzean gertatzen diren elkarrekintzak mimetizatzeko glikoproteinaz eta glikolipidoz inguratutako nanopartikula antigenikoa erabiltzen dute. Nanopartikula horren bihotzean urrea dago, eta glikoproteinak eta glikolipidoak lotura kobalente sendo baten bidez lotzen zaizkio; hala, oso egitura egonkorra lortu dute.

Zelularen mintzean gertatzen diren elkarrekintza horiek bereziki interesgarriak dira, birusek bide hori erabiltzen baitute zelulan sartzeko; eta, ez hori bakarrik, enbriogenesi- eta metastasi-prozesuak ere elkarrekintza horietan oinarritzen dira. Horregatik, besteak beste, metastasian melanoma-zelulak itsastea eragotziko lukeen terapia bat garatzeko asmoa agertu zuen Soledad Penadések.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimikan lizentziatua eta Elhuyar Zientzia unitateko arlo-arduraduna

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna