}

Biologia Sintetikoa

2006/03/17 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Kontzeptua eta ikergaia ez dira berriak. Duela 25 urte baino gehiago, hau esan zuten 1978ko Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saridunen aurkikuntzari buruz: "lan honek (...) Biologia Sintetikoaren aro berrira eraman gaitu, non existitzen diren geneak aztertu bakarrik ez, berriak sortu eta balioztatzeko aukera izango dugun".
Biologia Sintetikoak sistema biologikoak kopiatzea du helburu.

Nobel saridunen ikerketari buruzko aipuak Bioteknologiarako ere balio lezake, batez ere kontuan izanda hamarkada hartan egin zirela Bioteknologia modernotzat jotzen dugun hori garatzeko lehen urratsak. Hala ere, Biologia Sintetikoaren oinarrizko ideiak, teorikoak behintzat, haratago doaz. Teorikoak diot, egun, oraindik bidean dagoen ikergaitzat hartzen delako.

Biologia Sintetikoa zer den erraz ulertzeko, Biologia hitza Kimika hitzarekin ordezkatzea da errazena. Naturan dauden eta ez dauden elementu, konposatu eta materialak sortu, fabrikatu egiten ditu Kimika Sintetikoak. Biologia Sintetikoak gauza bera egin nahi du elementu biologikoekin: geneekin, proteinekin, mintzekin, zelulekin. Alde praktikoa, ordea, teorikoa baino askoz ere handiagoa da, sistema biologikoak oso konplexuak baitira. Hain justu, argudio hori erabiltzen dute sinesgogorrenek. Neurri batean baino ulertzen ez duguna nola kopiatuko dugu, bada, nahierara?

Baina batzuek badihardute. Biologia Sintetikoaren adibidetzat jartzen dira 2002an polioaren birusa berregin izana, edo joan den urtearen amaieran gauza bera egin izana 1918ko gripe-birusarekin. Naturan proteinak sortzeko berez erabiltzen ez diren aminoazidoentzat kode genetikoa sortzeko gai izan dira ikertzaileak. Berez bizidunok 20 aminoazido konbinatzen ditugu proteinak sortzeko, baina dagoeneko lortu dute beste 30entzako kodea sortzea. Horiekin, propietate 'berriak' dituzten proteinak ekoitz litezke, naturan ez daudenak, baina gizakiontzat erabilgarri izan litezkeenak, material sintetikoak bezalaxe.

Ikerketa hauei esker, baliteke propietate 'berriak' dituzten proteinak ekoizteko aukera izatea, naturan ez daudenak, baina gizakiontzat erabilgarri izan litezkeenak,

Lorpen horietatik zelula bat sintetizatzera alde izugarria dago, baina pauso batzuk egin dira dagoeneko: 2001ean, adibidez, proteinak espresatzeko gai den besikula bat egitea lortu zuten, eta 2003an, DNA sintetikotik abiatuta orduan ere, zelularen barruan kanalak osatzen zituzten proteinak sortzea.

Sistema biologikoak kopiatzeaz gain, Biologia Sintetikoak estandarizazioa ere bilatzen du. Alegia, sistema biologiko bat osatzeko beharrezko diren oinarrizko unitateak bilatu eta bildu nahi dituzte, gero, ingeniarien pare, kasu bakoitzean beharrezkoak liratekeenak 'hartu' eta nahi den hori sortzeko. Zientzia-fikzioa? Oraindik bai. Hala ere, zenbait ikerketa-talde bizitzaren oinarrizko funtzioak betetzeko behar diren gutxieneko geneen bila ari dira, eta, MIT ikerketa-zentro aitzindariak sortua du Zati Biologiko Estandarren Erregistroa .

Aurtengo maiatzean egingo da Kalifornian Biologia Sintetikoaren hirugarren nazioarteko biltzarra. Eta Europako Batasunetik ere bultzatu nahi dituzte alor horretako ikerketak (Estatu Batuetan egin dira batik bat orain arteko urratsak). Seigarren esparru-programan, Zientzia eta Teknologia berrien eta azaleratzen ari direnen multzoan agertzen da Biologia Sintetikoa, eta, proiektuak aurkezteko deialdian esaten denez, "aurreko bi deialdietan jasotako erantzunek garbi erakusten dute Biologia Sintetikoa benetan bide egiten hasi den arloa dela, ahalmen zientifiko eta teknologiko handikoa, eta sendo sustatu behar dela Europan guztiz txerta eta gara dadin."

Berria egunkarian argitaratua