}

Biodegradagarritasun eske

2002/12/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Sakaridoak lotuta, polimero ohikoenak biodegradagarri bihurtzeko metodo bat prestatu du Indiako kimikari-talde batek.

Gaur egun erabiltzen diren plastiko gehienek polietilenoa, poliestirenoa edo polipropilenoa dute. Polimero sintetikoak dira: oso molekula luzeak dira, eta bakterioek ezin dituzte digeritu, hau da, ez dira biodegradagarriak.

Plastiko horiek zaborrean metatzen direnez, arazo handiak sortzen dituzte herri gehienetan. Arazo horiei aurre egiteko bi irtenbide proposatu dira: birziklatze-programak martxan jartzea eta plastikoak (polimeroak) nolabait biodegradagarri bihurtzea.

Biodegradagarri bihurtzeko arazorik handiena prozesua abiaraztea da, eta, horretarako, hainbat teknika probatu dira. Dena dela, teknika horiek substantzia toxikoak erabiltzen dituzte edo prozesu garestiak izaten dira. Beraz, bakterioek degrada ditzaketen polimeroak erabiltzea da irtenbide bat.

Bide horretan, Indiako National Chemical Laboratory erakundeko kimikariek polimeroen sintesi berri bat proposatu dute. Molekula horien kate luzeetan, monosakaridoak edo disakaridoak kimikoki lotzea da ideia. Horretarako, glukosa- eta sakarosa-kantitate txikiak gehitzen dituzte polimerizazio-prozesuan. Sintesi horretan eratzen diren polimeroak ohiko prozesuaz egindakoen antzekoak dira, azukre-unitateen proportzioa txikia delako, baina lurzoruko bakterioek degradazioari ekin diezaiokete unitate horietatik abiatuta.

Ideia ona bada ere, degradazioa guztiz gertatzen den ikertu behar dute zientzialariek, horrela ez bada, beharbada substantzia toxiko batzuk sor litezkeelako, azido organikoak eta aldehido batzuk, besteak beste.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia