}

Bide luzea oraindik

2000/04/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Giza genomaren kode osoa irakurtzeko lan handia falta zaio Celera enpresari.

Celera Genetics enpresak giza genomaren deskodetzea bukatzear dagoela iragarri du. Hala ere, lan handia falta zaio egiteko. Nahiz eta informazio ia osoa irakurri, oraindik ordenatu gabeko puskak dira. Beraz, proteinen egiturak eta funtzioak ez dira oraindik jakinak.

Gure gorputzak egin behar dituen prozesuak proteinek egiten dituzte. Elikagaiak desegitea, arnasaren oxigenoa garraiatzea, begiei kolorea ematea, gaixotasunak ahal den heinean saihestea eta beste milaka funtzio betetzen dituzte. Proteina ezberdin asko ditugu, beraz, gorputzean lanean. Baina, nola daki gorputzak nolakoa den proteina bakoitza? Informazio hori genoman dago.

Informazio hori kodetuta dago. Gene bat proteina bati buruzko informazioaren kodea da. Duela berrogei bat urte biokimikariek ikasi zuten kodea deszifratzen eta handik aurrera hasi ziren gizakiaren kodea irakurtzen. Kodeak egitura sinplea du. ADN deitu molekula luzeetan ordenatuta irakur daitezkeen azpiunitate berezietan gordeta dago, letrak balira bezala. Gainera, errepikatzen diren lau azpiunitate posibleak A, T, G eta C letrez adierazten dira. Horrelako hiru azpiunitateek proteinaren zati bat kodetzen dute. Hurrengo hirurak irakurri eta proteinaren hurrengo zatia zein den jakingo dugu. Eta horrela jarrai daiteke proteina osatu arte. Proteina bat kodetzen duen ADN zatia genea deitzen da.

Noski, gizakiok behar dugun informazioa erraldoia da, oso organismo konplikatua dugulako. Gene asko dugunez, gure informazio genetikoak antolaketa zehatza behar du. Geneak bata besteari lotuta daude kromosoma izeneko egitura handietan. Hala ere, informazio asko denez, gene guzti-guztiak ezin dira kromosoma bakarrean elkartu. Horregatik 23 kromosoma ezberdin ditugu. Dena den, beste zenbait arrazoi direla eta, informazio hori bikoiztuta dago. Horrela, gorputzaren zelula bakoitzaren nukleoan 23 kromosoma pare daude. Genoma osoa deskodetzeak ahalbidetuko du proteina bakoitzak zer egiten duen jakitea. Horren atzetik etor litekeenaren erdia ere ezin da igarri.

Informazio hori guztia eskuratzea lan astuna da ADN guztiak irakurri behar direlako. Estrategia asko dago lan hori egiteko. Celera Genomics enpresak aukeratu duena ADN molekularen apurketan oinarrituta dago. Irakurketak bukatzear daude, baina zerbait egiten hasi ahal izateko kodea ordenatu egin behar da, eta proteina bakoitzari dagozkion puskak behar bezala kokatu.

Hori eginda ere, lan neketsua izango dute Celera Genomicseko langileek. Proteinen funtzioa argitu beharko dute orduan. Gainera, askotan funtzio bakarra betetzeko proteina multzoa behar da, hau da, jakin behar da zein dira elkarrekin lan egiten duten proteinak. Genomaren proiektuak aurretik bide luzea du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia