Bi milioi eta erdi neurona informatikoren arrakasta

2012/12/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Patrick Hoesly - CC_BY

Spaun 2,5 milioi neurona simulatzen dituen programa informatiko bat da; ez da orain arte sortutako neurona-sare informatiko handiena, baina bada gizakion garunaren funtzionamenduari gehien hurbildu zaion eredua. Zenbakien segidak ezagutzen ditu, eta eragiketa matematiko eta arrazoibide sinpleak ere egiten ditu. Horretarako, garrantzitsua da Spaunen neurona-kopurua handia izatea, baina ez hori bakarrik; ereduaren sortzaileek nabarmendu nahi izan dute hori bezain garrantzitsua dela nolakoak diren neurona birtual horiek.

Adimen artifizialaren barruan, neurona-sareen esparruan, orain arteko joera izan da oso neurona-kopuru handiekin lan egitea, sistemak berezko portaera bereziak izateko itxaropenarekin. Azken helburua, hain zuzen ere, sareak giza garun baten funtzionamendua imitatzea zen. Hala ere, neurona-kopuru handia izate hutsak ez du emaitza hori lortu. Blue Brain proiektua da horren adibide bat. Waterlooko Unibertsitateko informatikariek Spaun sortu dute beste estrategia bat erabilita. Ikerketaren emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte.

Neuronen fisiologiaren xehetasunak imitatu dituzte eredu informatikoarekin. Batetik, neurona bakoitzaren elektrizitate-fluxua simulatu dute, neurotransmisorearen dinamika barne. Bestetik, neuronak taldekatu dituzte sarearen egitura konplexua simulatzeko, garunean gune ezberdinak dauden bezala.

Gero, sistema osoa trebatu dute, eta haren ahalmenak probatu dituzte. Nahiz eta neuronak 2,5 milioi besterik ez dituen —giza garunak 86.000 milioi neurona ditu—, Spaunek kalkulu sinpleak egin ditzake. Eta ikertzaileak harrituta daude egiten dituen akatsak gizakiok egiten ditugunen antzekoak direlako. Ezaugarri hori esanguratsua da programatzaileentzat. Izan ere, hainbat sistemak oso ondo egiten ditu ataza jakin batzuk, baina giza garunaren funtzionamendutik urrun egonda; xakean jokatzeko programek, adibidez.

Ikertzaileek esaten dute Spaun oso malgua dela. Zati bat “honda” dezakete, zertan huts egiten duen aztertzeko. Beraz, diotenez, garunarekin alderatuta oso tresna mugatua da, baina bide onetik doa adimen artifiziala dela kontuan hartuta.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia