}

Bi eszenatoki hominidoentzat

1994/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Berriki egindako bi fosil-aurkikuntzak gizakiaren jatorriari buruzko arazoa nahastu egin du. Batetik, Tim White iparramerikarrak gidatutako taldeak Etiopian Maka izeneko lurraldean egin du australopitekoaren aurkikuntza. Bestetik, Friedemann Schrenk-ek gidatutako taldeak dezentez hegoalderago, Malawi lakuaren inguruan, egin du Homo jeneroari buruzko aurkikuntza.

White jaunak argitaratu duenez, Maka-ko Australopithecus aferensisaren fosilak duela 3,4 milioi urtekoak dira eta Lucy famatuaren espeziekoa dela dio. Baraila eta femurra aztertuta pertsonen artean eta ar zein emeen artean desberdintasunak zeudela ikusten da, baina espezie desberdinetakoak zirenik ez dago esaterik.

Schrenk-en taldeak Homo rudolfensisaren baraila bat aurkitu du. Orain dela 2,4 milioi urtekoa da eta mota horretakorik ez da orain arte Afrikan hain hegoaldean topatu. Hominido hau leku horretan aurkitu izana klima-aldaketaren ondorioz migratzeari zor zaiola esaten dute, baina ideia hori oraindik fosil gutxi edukitzearen ondorio izan daiteke.

Nolanahi ere, hominido hauen ugaritasunak gizakiaren duela 4 milioi eta milioi bat urte bitarteko genealogia konplikatu egiten du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia