}

Beti gazte irauteko molekula

2002/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kyung-Tai Ming-en eta AEBetako Osasun Institutuko eta Kaliforniako Teknologia Institutuko ikertzaileen elkarlanari esker, ozpin-eulien bizitza luzatzen duen molekula aurkitu da. Aurkikuntza ezustean gertatu zen. Nonbait, neuronen endekapenezko gaixotasuna zuten ozpin-eulietan 4-fenilbutirato (PBA) izeneko molekula probatzen ari zirela, euli osasuntsuen gehienezko bizi-itxaropena % 50 luzatzen zela ikusi zuten, eta batez besteko bizi-itxaropena, aldiz, heren bat. Gainera, bizitza luzatzeak ez zekarren albo-ondorio kaltegarririk.

PBAren eraginez, 100 gene inguru aktibatzen dira eta beste 50 bat blokeatu egiten dira. Adibidez, zahartzaroaren kontrako eragina duen dismutasa superoxidoa kontrolatzen duen genea aktibatu egiten dela jakin dute.

Dena dela, ikertzaileek hainbat minbizi-mota tratatzeko PBA onuragarria izan daitekeela uste duten arren, oraindik ez da ugaztun-zeluletan probatu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia