Betelgeuse itzaltzen ari da

2020/03/10 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zerbait larria ari da gertatzen izarretan. Albiste bat zabaldu da azkenaldi honetan, baina garrantzitsuena ez da gertatu dena, baizik eta gertatu litekeena. Berez, albistea sinplea da: Betelgeuse izarrak distira galdu du. Besterik ez. Baina astronomia zaleak urduri jarri dira.

Betelgeuse izarra distira galdu aurretik (20019ko urtarrila) eta ondoren (2020ko urtarrila). - Arg. ESO/M. Montargès et al. (moldatua)

Betelgeuse Orion konstelazioko izar handiena eta ezagunena da. Ez da aditu bat izan behar Orion konstelazioa identifikatzeko. Eta hori gauza handia da. Neguan ikusten dugun konstelazioa da, orain adibidez garai ona da. Betelgeuse konstelazioaren goiko aldean ezkerrean dagoen izarra da. Konstelazioa osatzen duten izarretan distiratsuena da. Izar guztiek ez dute kolore bera izaten eta  Betelgeuse gorria da.

Baina, aurretik aipatu den albistea zabaldu da aurten. Betelgeusek distira galdu du. 2019ko hasieran, zeruan genuen bederatzigarren izar distiratsuena zen. Orain, aldiz, nekez dago ehungarren postutik gora. Oso denbora laburrean, distira galdu du. Eta astronomo guztien galdera da, zer gertatzen ari da Betelgeuserekin?

Izarrak sailkatzen dira duten tamainagatik eta kolorearengatik, eta Betelgeuse erraldoi gorri bat da. Koloreak haren gainazalaren tenperatura jakin bat adierazten du, eta, bitxia bada ere, kolore urdina da beroena eta gorria hotzena. Beraz, gorriak adierazten du izar bat izateko oso tenperatura baxua duela. Eta erraldoi gorria izateak adierazten du Betelgeuseren bizitza bukatzen ari dela. Hiltzen ari da. Egunen batean, itzali egingo da. Eta hor dago kontua; ez da besterik gabe itzaliko. Izar erraldoien heriotza oso bortitza da. Betelgeuse bezalako izar batek badakigu eztanda egingo duela. Supernoba bat eragingo du, bigarren motako supernoba bat, zehatz mehatz. Hori gertatzen denean, egunez ere ikusiko da eztandaren argia. Hilabete batzuk iraun ditzake horrek, gainera.

Kontua da noiz gertatuko den hori. Bihar izan daiteke, edo bi mila urte barru. Ez dakigu. Erraldoi gorri baten bizitzaren bukaeran fusio prozesu asko gertatzen dira: hidrogenoak helioa emateko fusionatzen da, eta helioa bera fusionatzen da berilioa emateko, eta berilioa helioarekin, karbonoa sortzeko eta abar eta abar. Atomo handiago batzuk sortzen dira. Izarraren zati ezberdinetan prozesu ezberdinak gertatzen dira. Horren guztiaren ondorioz, izarra zabaldu eta konprimitu egiten da, eta distiran gorabehera handiak izaten dituzte. Fase hori, erraldoi gorri batean ez da luzea izaten, baina, noski, zer da laburra izatea? Seiehun urte? Asteburu bat? Ezin da jakin.

Horregatik daude astronomia zaleak urduri. Bihar  bertan eztanda handi bat izan liteke zeruan. Ez da arriskutsua, 600 argi urtera dagoelako Betelgeuse, eta 50 argi urtetik harago dagoenaren eztanda bat ez da arriskutsua guretzat. Hasieran ikusgarria izango da, baina gure betiko erraldoi gorria desagertuko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia