}

Berotegi-efektua zuzenean

2001/03/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Londresko Imperial College-ko zientzialariek Lurreko berotegi-efektua 1970-97 aldian areagotu egin dela zuzenean behatu dute lehen aldiz.

Berria gaur argitaratu da Nature aldizkarian eta ikertzaileek ez dute, orain arte bezala, berotegi-efektuaren areagotzea eredu klimatikoetatik eratorritako ondorioetan oinarritu, satelite bidezko behaketetan baizik. 1970ean eta 1997an Lurra orbitatzen ibili ziren bi satelitek jasotako datuak konparatu dituzte eta, ezbairik gabe, egungo berotegi-efektua gasen emisioak sortua dela adierazi dute. Ikerketaren arduradun John Harris-ek azaldu duenez, "sateliteetako datu espektroskopikoek garbi erakusten dute 27 urte horietan gertatutako aldaketa espektralak berotegi-efektua eragiten duten gasekin erlazionatuta daudela".

Ikertzaileek uhin-luzera handiko espektro infragorria aztertu dute eta metano, karbono dioxido, ozono eta zenbait klorofluorokarbono mailaz asko handitu direla ikusi dute. Ozeano Bareko eskualde bat aztertu dute bereziki, baina emaitzak mundu osoan errepikatzen direla adierazi dute.

Datuak 27 urteko tartearekin bi satelite desberdinek jaso badituzte ere, ikertzaileak ikerketa baliozkoa dela ziurtatu dute, konparazioa egitean kontuan hartu beharreko faktore guztiak neurtu direlako. Haien arabera, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioaren bidez bakarrik azal daiteke azken urteetako aldaketa.

Hurrengo urratsa datu horiek hodeien portaera azaltzeko erabil daitezkeen ikustea izango da. Sateliteetako datuak klima-aldaketa aztertzeko erabiltzen diren ereduekin bat datozen ala ez aztertu behar dela esan du Harris doktoreak, eredu horiek direlako klima-aldaketa aurreikusteko eta hura gertatzea eragiten duten indarrak zehazteko dagoen tresna, eta funtsezkoa delako horiek ahalik eta zehatzenak izatea. Azken finean, haien iragarpenetan oinarrituta hartuko baitira erabaki zientifiko eta politiko asko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia