Ana Terra Amorim-Maia, BC3

None

Beroari aurre egiteko, ez da aski atea irekitzea


Nork esango zidan niri, Brasildik etorrita, Euskadiko beroaz hitz egiten arituko nintzela? Baina halaxe da. Luzaroan, bero-gogoz bizi izan gara: gogoz hartu dugu eguzkia iritsi, kalera atera, terraza batean eseri eta udaz gozatzea. Arazoa da, ordea, bero atsegin hori muturreko bero-kolpe arriskutsuekin nahasten ari dela, gero eta sarriago, eta, askotan, ez gaudela prestatuta: ez gure etxebizitzak, ez gure kaleak, ez gure errutinak, ez gure erakundeak.

Hain zuzen, horretarako dira klima-babeslekuak: udako egunik gogorrenetan berotik babesteko. Liburutegiak, eskolak, museoak, zuhaitzez betetako plazak nahiz parkeak babesleku-sare baten parte izan daitezke, baina badago tranpa bat ere: sabaia, itzala edo aire girotua duten espazio guztiek ez dute izen hori merezi.

Aterpe klimatiko batek benetako babesa eman behar du. Tenperatura egokia eskaini behar du, baina baita ura, eserlekuak, komunak, ordutegi erabilgarriak, informazio argia eta irisgarritasuna ere. Eta hain neurgarria ez den —baina oso garrantzitsua den— beste ezaugarri bat ere bai: erabiltzaileak sentitu behar du “ez duela trabarik egiten”. Babeslekura sartu, atseden hartu eta errekuperatzeak ez luke izan behar mesede bat, eguneroko eskubide bat baizik.

Klima-babeslekuei buruz egin dudan ikerketak gauza sinple eta aldi berean politiko bat erakusten du: beroak ez digu guztioi berdin eragiten. Ez da gauza bera ongi isolatutako etxe batean edo labe bihurtzen den pisu batean bizitzea; aire zabalean edo aire girotua duen bulego batean lan egitea; leku fresko batera joan ahal izatea edo etxean geratu behar izatea mendeko bat zaintzen; abisu ofizialak jaso eta ulertzea eta ez jasotzea, hizkuntza ez ulertzea edo teknologia ondo ez erabiltzea. Horregatik, babesleku-sare bat diseinatzeko ez da nahikoa tenperatura-mapa bati begiratzea: adinari, errentari, etxebizitzari, zaintzari, bakardadeari eta pertsona batzuk kanpoan uzten dituzten oztopo ikusezinei ere begiratu behar zaie.

«Klima-babeslekuak ez dira irtenbide magikoa, baina bai klima-egokitze justuago baterako pieza garrantzitsua»

Halaber, ez da nahikoa udal-webgune batean puntu bat jartzea. Inork ez badaki babesleku bat dela, edo gehien behar denean itxita badago, auzo kalteberetatik urrun badago edo gehien behar dutenak kanporatzen dituzten arauak baditu, itxurakeria besterik ez da izango: politika eskas baterako etiketa polit bat.

Albiste onena da hobeto egitea ez dela zaila, ezta hain garestia ere. Hasteko, lehendik dauden espazio publikoak egokitu behar dira, ondo seinaleztatuz, ura eta atsedenguneak bermatuz, ordutegiak zabalduz eta funtzionamendu-protokoloak ezarriz. Hori ondo egiten ez denean, babeslekuek mesfidantza edo nahasmena sortzen dute, edo, besterik gabe, ez dira erabiltzen. Ondo egiten denean, berriz, zaintzeko, elkartzeko, atseden hartzeko eta eroso egoteko azpiegitura sozial bihur daitezke.

Argi esan behar da, ordea: klima-babeslekuek ez dute ordezkatzen behar dugun hiri-eraldaketa; ez dituzte ordezkatzen etxebizitza duinak, zuhaitzez betetako kaleak, beroa kontuan hartzen duten lan-eskubideak eta zaintza-politikak. Ez dira irtenbide magikoa, baina bai klima-egokitze justuago baterako pieza garrantzitsua.

Ana Terra Amorim-Maia, BC3

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali