Beroa eta giza eboluzioa
1992/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Giza eboluzioaren lehen fasean, duela 3,5 eta 1 milioi urte bitartean, hominidoek aldaketa sakonak jasan zituzten: motz eta zabal izatetik luze eta mehe izatera pasatu ziren. Baina, pelbisaren zabalerak berdintsu iraun zuen.
Christopher Ruff jaunak, Johns Hookins unibertsitateko ikerlariak, gorputzaren itxura beroa galtzeko beharrak mugatzen duela adierazi du. Antzeko klimetan bizi diren gizaki altu eta txikiek, antzeko zabalerako pelbisa dute.
Gizakiaren beroa galtzeko abiadura, bere azalera eta masarekiko proportzionala da. Ruffek giza gorputza zilindro batekin konparatzen du. Zilindroen kasuan bero-galera masarekiko proportzionala da, baldin eta erradioa konstantea bada.
Horrexegatik altuera desberdineko gizakiek pelbis-zabalera berdintsua dute, dio Ruffek. Horixe ikusten da Afrikako Homo erectus altuak eta Lucy moduko Australopithecus afarensisak konparatzen direnean.
Ruffek Afrikako egungo biztanleak ere aztertu ditu. Ikusi duenez, pelbisaren neurrian pigmeoen eta nilote altuen artean ez dago diferentzia handirik. Bi populazioengan azalera/masa ratioa antzekoa da, nahiz eta altuerak oso desberdinak izan.
Dena den, Ruffen hipotesia zuzena bada populazioen pelbisaren zabalerak latitudea handiagoa izan ahala desberdina izan behar du. Tenperatura txikiagoa denean, azalera/masa ratioak txikiagoa izan behar du bero gutxiago galtzeko. Esan nahi bait da, azalera txikiagoa izango dela eta masa handiagoa; pelbisaren zabalerak handiagoa izan beharko duela, alegia. Eta horrela gertatzen da. Iparraldean pelbisa zabalagoa da ekuatore aldean baino.
Pelbisaren fosilak ez dira oso ugari. Dena den, neurtu ahal izan diren pelbis guztiak oraingo afrikarren neurrikoak izan dira. Beraz, Ruffen ideiekin ados daude datu horiek. Dena den, Israelgo Kebara koban aurkitutako neanderthal gizakiaren pelbisa, iparralderagoko gizaki bati legokiokeena da. Horrek azalpen erraza du, duela 60.000 urte Ekialde Hurbila glaziazioa pairatzen ari zela kontutan hartzen badugu.
Ruffen ideiek antzinako gizakiaren bizimoduari buruz ere azalpenak eman ditzakete. Gizakiongan bero-galerak batez ere izerdiaren bidez gertatzen dira. Gizakia oihan tropikal hezean bizi bada, izerdia ez da beroa xahutzeko bide egokiena. Horrelako ingurugiroan bizi den gizakiak egin dezakeen gauzarik onena bero gutxiago sortzea da eta horretarako tamaina txikiagotu egin behar du.
Bestetik, altuera handiko gizakiek, Homo erectusak adibidez, hezetasun gutxiagoko ingurugiroan bizi behar dute (sabanetan, alegia) eta ez dute oihan trinkoetan bizitzeko aukerarik. Homo erectusa sabanetan bizi zela adierazten duten beste aztarna batzuk ere badira. Ruffen eredua oso egoki azaltzen dute aztarna horiek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia