}

Berez garbitzen diren arteriak

1999/04/18 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Genetikoki eraldatutako odol-basoak lortu ondoren, Stanford Unibertsitateko ikerlari-talde batek odolbatuak saihesteko aurrerapauso handia eman du. Bihotzean edo hanketan agertzen diren odolbatuek, zein arteriosklerosiak edo plaketa gehitxo biltzea, gaixoen osasuna arriskuan jar dezakete. Arazo horiei aurre egiteko, aipatu unibertsitateko zientzialariek berez garbitzeko gai diren odol-basoak sortzeko lanean ari dira. Horretarako teknika berria erabili dute, odolbatuak askatuko dituen geneak trasplantatuz.

Orain arte, ikerlariek TPA izeneko genea erabili dute, giza ehunetatik hartu eta hanketan odolbatuak zituzten untxietan erabili dute, emaitza onak lortuz. Gaur egun, dagoeneko, gene horretan oinarritutako droga bihotzekoa emandakoan eta enbolietan premiazko tratamendua behar denean erabiltzen da.

Teknikak bere prozesua du. Lehenik ikertzaileek ugaltzeko gaitasuna galdu duen adenobirusa sortzen dute. Birus hau ezaguna da, marranta eragiten duena. Giza ehunetatik klonatutako TPA genea birusean txertatzen dute, gatz-disoluzio batean. Disoluzio hori zainean sartzen da eta bertan 15 minutu eduki ondoren ezabatu egiten da. Azkenik —ebakuntza bidez— zaina ateratzen dute eta zeharo itxita dagoen arteriari lotzen diote. Sei egun beranduago, zeharo itxita zegoen arteriaren itxidura % 7ra jaitsita zegoen. Izan ere, horrela txertatutako zainak TPA genearen super ekoizle bihurtzen dira. Gene hori odolbatuak eta plaketak hausteko gai denez, bihotzekoak edo enboliak izateko arriskua murriztea lortzen da.

Oraingoz untxiekin besterik ez dute frogatu.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia