}

Belarjaleen aurkako arma lurrunkorrak

2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Belarjaleek atakatzen dituztenean, landareek substantzia organiko lurrunkorrak ekoizten dituzte, belarjale horien harrapariak edo parasitoak erakartzeko. Jokaera hori ikusita, zientzialariak intsektuen izurriak kontrolatzeko balio dezakeen metodoa bilatu nahian dabiltza. Lehenengo aukera landareek jariatutako substantzia lurrunkor horiek gehitzea da edo, bestela, landareek substantzia hori ekoizteko behar duten ataria (kasu honetan, izurriaren maila) jaistea. Bigarren aukera belarjaleenganako erresistentzia handiagoa eta belarjale horien harrapariak erakartzeko ahalmen handiagoa duten landareak bilatzea da.

Hirugarrena, substantzia lurrunkor gehiago askatzea eragingo duten entzimak erabiltzea da. Baina substantzia lurrunkorren ekoizpenarekin zerikusia duten geneak ia ezezagunak direnez, Arabidopsis landarearen geneak aztertzen ari dira, azterketa horren emaitzak beste uzta batzuetarako ere baliagarri izango direlakoan. Bestalde, Herbeheretako Wageningen Unibertsitateko Marcel Dicke ikertzailearen arabera, aukerarik onena ohiko landare-hazkuntzarekin batera markatzaile molekularrak erabiltzea da. Hartara, geneen aldaketaren inguruko eztabaida saihestuko litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia