}

Behi eroak ahaztu ezinik

2004/12/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gogoratzen zarete txuletek oilasko-izterrek baino estimazio gutxiago zuten garaiekin? Ordutik ez da denbora asko pasatu, baina gehienok dagoeneko ahaztu dugu harategia toki arriskutsua zela iruditzen zitzaigun sasoi hura. Hala ere, zenbait behik erotuta segitzen dute, eta gizaki batzuek... zer esanik ez! Hain zuzen, azken horiek sortzen dute kezka handiena, batez ere Britainia Handian.
Eroak, behiak?

Izan ere, behi eroen krisia bereziki larria izan zen Britainia Handian. Han hasi zen arazoa eta han hil ziren behi gehien gaitzak jota. Gizakietan ere, han azaldu ziren kasu gehien, eta gaitzaren ondorioz hil diren ia denak hangoak ziren, baita diagnostikatu diren azken bi gaixoak ere. Baina, kasu honetan, bada nabarmentzeko zerbait: bi horiek odol-transfusio bidez kutsatu direla uste dute sendagileek.

Lehen behi gaixoen haragia janda harrapatzen zen gaitza. Behietan `behi eroen gaitza´ deitu zitzaion, sintoma deigarrienak neurologikoak direlako: gaixotutako behiek koordinazioa galtzen dute eta jarrera erasokorra dute. Behiek horrela jokatzea harritzekoa bada ere, ez da nahikoa nazioarteko krisi izugarri bat eragiteko. Behi horien haragia janda gizakiak gaixotu egiten zirela ikustean sortu zen krisia.

Gaitz arraro baten bertsioa

1996an iragarri zen lau pertsona hil zirela Creutzfeld-Jakob sindromearen bertsio berriak jota, alegia, behi eroen gaitza zuten haragia jateagatik sortzen zen gaixotasunagatik. Hortaz, gizakietara transmititzen zela frogatu zen. Gizakietan sortzen zuen gaitzak beste baten antza zuen, Creutzfeld-Jakob sindromearena, hain justu, eta horregatik esaten da haren bertsioa dela. Sindromea oso arraroa da, kasu gutxi azaltzen dira eta genetikoa da. Kutsatzeko modua gaixoen garuna jatea izango litzateke, eta hori ez da batere ohikoa.

Dagoeneko galdu dio beldurra jendeak behi-haragiari.

Nolanahi ere, orduan gogoratu zen jendea kuru-az. Gaixotasun horri `barre hilgarria´ ere esaten zaio, eta 1957an diagnostikatu zen lehenengo aldiz Ginea Berrian. Fore indigenak kanibalak ziren, eta errituetan burmuinak jaten zituzten, bereziki emakumezkoenak, sakratuak baitziren. Horrela transmititzen zen kuru gaitza, eta haren ezaugarri nabarmenena dementziako barrea zen.

Behi eroen gaitza eta Creutzfeld-Jakob sindromearen bertsio berria kuru-aren familia berekoak dira, eta antzekotasun asko dituzte, baina, hori bai, ez dute barre-algararik eragiten. Gaitzak espezieen muga zeharkatu zuela ikusi zutenean, berehala hartu zituzten neurriak, inor ez zedin kutsa. Ez zen erraza behi gaixoak diagnostikatzea, kutsatzen denetik lehen sintomak agertzerako urteak pasatzen baitira. Horregatik, garrantzitsua izan zen gaitzaren eragilea, prioiak, detektatzeko test egoki bat egitea.

Ahal bezain laster prestatu zituzten testa eta abereak kontrolatzeko sistema, baina hori ez zen nahikoa izan mesfidantza-giroa apaltzeko; jendea ez zen behi-haragiaz fidatzen, eta inoiz baino arrain, oilasko eta txerri-haragi gehiago saldu zen garai hartan. Inork ezin zituen ahaztu irudi beldurgarri haiek: 1992an Britainia Handian 37.000 behi hil eta deuseztatu zituzten.

Gizakia gizakiarentzat, otso

Tresna kirurgikoak esterilizatzeko metodo berria garatu dute.

Denborarekin argi gelditu da kontrol-sistema hori eraginkorra dela eta jaten dugun haragia guztiz segurua dela. Ondorioz, jendeak galdu dio beldurra behi-haragiari eta krisia gertatu aurretik bezainbeste saltzen da orain.

Alabaina, arazoa ez da bukatu. Urte haietan, krisia zabaldu aurretik, jende askok jan zuen kutsatutako behi-haragia, eta orain ez dakite zenbat gizon-emakume dauden kutsatuta. Gainera, gaitza detektatzeko testa ez da guztiz zorrotza, eta prioi-kopuru batetik behera negatibo ematen du, nahiz eta odolean prioiak egon.

Arriskua hor dago: diagnostikoak negatibo eman arren, gerta daiteke prioiak egotea eta odol-transfusio bidez edo ebakuntza batean beste norbaiti kutsatzea. Horrelakoak saihesteko, bi sistema garatu dituzte azkenaldian.

Batetik, Pall konpainiak iragazki bat asmatu du odoleko prioiak kentzeko. Odoleko birusak, bakterioak eta beste patogenoak deuseztatzeko sistemek ez dituzte prioiak suntsitzen. Izan ere, sistema horiek DNA edo RNA dute helburu, eta prioiak proteinak dira eta ez dute material genetikorik; hortaz, ihes egiten dute. Iragazki horrek, berriz, prioi guztiak kentzen ditu.

Odol-transfusioa gaitza kutsatzeko bide bat da.

Bestetik, ebakuntzetan erabiltzen diren tresnak esterilizatzeko teknika bat asmatu dute. Hasieran konturatu ez ziren arren, giharretan badaude prioiak; beraz, ezinbestekoa da tresna kirurgikoak esterilizatzea. Normalean tenperatura eta presioa erabiltzen dira esterilizatzeko, baina horrela prioiak ez dira desagertzen.

Orain proposatu duten teknikan, berriz, korronte elektrikoaz baliatzen dira. Tresnaren azalean korronte elektriko apal bat sortuz gero, erreakzio kimiko batzuk gertatzen dira. Erreakzio kimiko horietan oxigenodun partikula oso erreaktiboak sortzen dira, materia organiko guztia deuseztatzeko gai direnak, prioiak barne.

Neurri horiekin guztiekin, arrisku denak saihestu nahi dituzte. Kontuan izan behar da orain arte 154 pertsona hil direla Creutzfeld-Jakob sindromearen bertsio berriaren ondorioz. Ez daitezela gehiago izan, hori da nahia eta helburua.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia