}

Begiko kornean beste geruza bat dagoela ikusi dute

2013/06/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

begiko-kornean-beste-geruza-bat-dagoela-ikusi-dute
Korneak beste geruza bat duela ikusi dute ikertzaileek. Arg. Elhuyar Zientzia

Kornearen geruzen artean, orain arte ezagutzen ez zen beste geruza bat dagoela frogatu du Nottinghameko Unibertsitateko Harminder Dua ikertzaileak. Haren omenez, Duaren mintza deitu diote geruza aurkitu berriari.

Nottinghameko Unibertsitatetik adierazi dutenez, “oftalmologia-liburuak berridazteko beharra” ekarri du aurkikuntzak. Hain zuzen, orain arte uste zuten kornea bost geruzaz zegoela osatuta: kornea-epitelioa; Bowmanen mintza; kornearen substantzia propioa; Descemeten mintza eta endotelioa. Orain aurkitutakoa substantzia propioaren eta Descemeten mintzaren artean dago, eta oso mehea da (korneak 0,5 mm edo 550 mikroiko lodiera du, eta Duaren mintzak 15 mikroi baino ez ditu), baina, aldi berean, izugarri gogorra (1,5-2 barreko presioa jasateko gai da).

Human corneal anatomy redefined-A novel Pre-Descemet’s Layer izeneko artikuluan deskribatu du Duak mintza (Giza kornearen anatomia berriro definitua-Descemetenaren aurreko mintz berri bat). Haren arabera, mintza ondo ezagutzea baliagarria izango da kornearen gaixotasunak hobeto ulertzeko eta tratatzeko. Adibidez, orain uste dute kornearen deformazio larri bat, keratokonoa, mintz hori pitzatzearen ondorioz sor daitekeela: mintza pitzatuta badago, begiaren barrualdeko ura kanpoaldera ateratzen da, eta keratokonoa sortzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia