}

Baztanga, Amerikako konkistatzaile

1993/04/01 Asumendi, Elixabete Iturria: Elhuyar aldizkaria

Behin eta berriro entzun ohi da Kristobal Kolonek Mundu Berria aurkitu ostean, 1492ko urriaren 12az geroztiko mendeetan alegia, gaixotasun infekziosoengatik hiltzen ziren Amerikako indiarrak jaiotakoak baino gehiago zirela. Horren arrazoia baztanga, elgorria, gripea, izurri bubonikoa, difteria, tifusa, kolera, eskarlatina, sukar horia eta kukutxeztula (tosferina) izan ziren. Badakigu, beraz, izurrite hauengatik natibo ugari hil zela, baina zenbat izan ziren ez dugu inoiz zehatz jakingo.

Dena den, munduko beste lekuetan heriotza sortzen ez zuten gaixotasun hauek, zergatik ziren hain hilgarriak natiboentzat? Hasieran erantzunak nahikoa nabaria dirudi: Amerikako natiboek ez zuten gaixotasun arrotz horietatik babesteko behar den inmunizazioa. Edonola ere, erantzun hau ez dugu aski, erantzun beharreko beste hainbat galdera sortarazten digu eta. Zergatik inmunizazio ez hori? Edota, zergatik ez zeukaten Amerikako natiboek konkistatzaileak kutsatu eta azken hauek Europara itzulitakoan beraiekin eraman zezaketen gaixotasun hilgarririk? Oraingo honetan erantzunak ez dira hain argiak; galdera hauei erantzun ahal izateko 1492.aren ostean gertatutakoa eta Ameriketako populaketa-prozesua ezagutu behar baitira.

Eman diezaiogun hasiera Kolonen kontuari. Honek europar guztiak aztoratzea lortu zuen Amerikaren (pertsona, animalia eta landare exotikoen lurraldearen) berri eman zuenean. Orduko jakitun ospetsuenek Amerikako indiarrak nortzuk ziren, nondik etorri ziren eta noiz iritsi ziren azaldu nahi izan zuten. Galdera hauei erantzuteko sortu ziren teorietan ospetsuenak, amerikarrak “Israelgo Hamar Tribu Galduen" ondorengoak zirela esaten zuen.

Urte horietako hilkortasun itzela azaltzeko aipatu berri ditugun baztanga eta gainerako gaixotasunak ez ditugu aski; “likoreak”, gerrak eta lur-desjabetzapenak kontutan hartu beharreko faktoreak izan baitziren.

Gaixotasun hauei aurre egiteko hainbat saio egin ziren, aipagarriena sifilisa menperatzeko asmoz egindakoa izan zelarik. Gaixotasun honen kontrako txertoa sortu bezain pronto, ikerlariek natiboengana jo zuten berau erabil zezaten. Baina, jakina, beti bezala beranduegi zen. Gaixotasuna jadanik oso zabaldua eta errotua zegoen; baita Ameriketako txokorik ezkutuenean ere.

Ikus daitekeenez, gaixotasunak abiada bizian zabaltzen ziren; zenbaitetan kolonoak berak baino azkarrago eta urrutirago. Baztangaren kasuan arrazoia argi dago: 10 edo 14 eguneko inkubazio-aldia igaro ondoren, baztangaren birusa oso erraz hedatzen zen arnasaren eta infektatutako arropa edo izaren bidez. Eta gainera, herri batean lehenengo gaixotasun-sintomak azaltzean, kutsaturiko jendeak inguruko herrietara ihes egiten zuen, gaixotasuna gehiago hedatuz.

Edonola ere, izurriteak ez ziren beti berdin hedatzen. Izan ere, ibai nagusien ertzetan finkaturiko herri nekazari handietan maizago eta indartsuago jotzen zuten. Horiek horrela, Missouri, Mississippi, Ohio eta Rio Grande ibaien ertzeetako giza taldeengan gaixotasunak azkar eta bortizki zabaldu ziren. Herri nagusietatik urrun bizi ziren talde mugikorrek aldiz, (urtaro bakoitzean talde txikiagotan banatzen zirenek) geroago eta, oro har, maila txikiagoan paraitu zituzten gaixotasun horiek. Talde hauetako indiarrak ez ziren, noski, herri handietan bizi zirenak baino inmuneagoak, baina gaixotasunei gutxiagotan aurre egin behar zitzaionez, gutxi batzuk baino ez ziren hiltzen.

Hilkortasun izugarri hori ezin zuten ulertu europarrek. Europan, kasurik larrienetan, % 10-15 bitarteko hilkortasuna sortzen zuten haurtzaroko gaixotasun hauek. Amerikan berriz, haurrak ezezik helduak ere hiltzen zituzten eta ez sinisteko bezain ugari gainera.

Nolanahi ere, badago ezin ahaz dezakegun datu bat. Egia da Amerikan izurriteak ondorio latzak izan zituela, baina egia da ere Europan baztanga lehen aldiz zabaldu zenean ondorioak ez zirela makalagoak izan. Baztangaren sorrerari buruz ezer gutxi dakigun arren, bi faktore nagusi hauei lotuta agertzen dela badakigu: gizartea gizatalde handitan antolatzeari eta animalia basatiak etxabere bihurtzeari. K. a. 9000. urtean, jada, bai Mesopotamian eta bai Ekialde Hurbileko beste hainbat lekutan, gizartea talde garrantzitsutan biltzen hasi zen. Herri eta hirietan finkatu ahala, zikinkeria pilatzen eta ura zikintzen hasi ziren, arratoien, zorrien, eltxoen, harren edota gaixotasunen sortzaile nahiz eramaile izan zitekeen beste hainbat espezieren ugalketa erraztuz. Horregatik, ez da harritzekoa hainbat ikerlarik mota honetako hainbat gaixotasun hilgarri gugana iristearen arrazoietako bat abere eta pertsonak elkarrekin bizitzea izan daitekeela esatea.

Gainera, gaixotasun hauek Europan lehenengoz agertu zirenean, gazteen eta helduen artean ez zuten inolako bereizketarik egin. Baina sarritan gaixotasun hauek ahulenak bakarrik hiltzen dituztenez, eta sendatzen direnak inmunizatuta gelditzen direnez, hasiera batean adinik errespetatzen ez zuten gaixotasun hauek denboraren poderioz haurtzaroko gaixotasun moduan geratu ziren. Kristobal Kolon Amerikara iritsi zenean europarrek denbora asko zeramaten gaixotasun hauei aurre egiten, eta jakina, jasan behar zituzten kalteak txiki samarrak ziren. Amerikarrentzat aldiz, guztiz gaixotasun berriak ziren, eta inmunitaterik ez zutenez, ezin izan zieten aurre egin.

Dena den, erantzuna behar duen hainbat galdera gelditzen zaigu oraindik. Zergatik zegoen hain gaixotasun gutxi amerikar natiboen artean konkistatzaileak joan aurretik? Erantzuna azken glaziazioaren garaian, hau da, Amerika populatu zen garaian, aurki dezakegu. Iparramerikarrak Asiako iparrekialdeko biztanleen ondorengoak dira.

Azken glaziazioan, 3 km baino gehiagoko lodiera zuten glaziareek, ipar hemisferioko zati handi bat estaltzen zuten; Arktiarretik Estatu Batuetako erdialderaino, hain zuzen ere. Gutxi gora-behera lurreko uraren % 5 izoztuta zegoen eta itsasoen maila egun baino 100 edo 150 m beherago zegoen. Itsasoko uraren maila jaitsita Bering itsasoa eta iparralderagoko Txuktxi itsasoaren azpiko plataforma kontinentala agerian geratu zen, horrela Siberia eta Alaskaren arteko Bering-eko zubia sortuz. Lehen amerikarrak Bering-eko zubitik sartu ziren duela gutxienez 11.500 urte.

Amerikarren nekazaritza europarrena baino askoz ere garatuagoa zegoen eta besteak beste, aguakatea, batata, artoa, baberrunak, patatak, kakahueteak eta boniatoak lantzen zituzten. Amerikako nekazaritza hain arrakastatsua zenez, ez da harritzekoa 1492an bertako hiriak Europakoak bezain handiak izatea. Adibidez, azteken hiriburuak, Tenochtitlanek, 200.000 biztanle inguru zituen, hiri inguruan milioi t’erdi biztanle gehiago biltzen zituelarik. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, beraz!

Asiatik Amerikarako sarrerak, hau da, Bering itsasarteak, germenen iragazki moduan jokatu bide zuen ikerlari gehienen ustez; eskualde horretako klima arktiar bortitzak bakterio patogenoak garraia zitzaketen eltxo, har edo arratoi oro hiltzen baitzuen. Gainera, Bering itsasarte inguruko biztanleen dentsitatea oso txikia zenez, kutsatutako edozein talde koarentena antzeko egoeran bizi zen hil aurretik.

Moctezuma II. a mexikarren azken erregea.

Izotza urtu eta Bering itsasartea urez estali zenean, hau Asiako izurriteak Amerikara sartzea eragozten zuen hesi bilakatu zen. Modu berean Amerikako izurriteek ezingo zuten Asiara eta Europara sartu, baina Amerikan ez zegoen izurriterik.

Pleistozenoan, glaziazioen eraginez, ugaztun ugari desagertu zen. Amerikan, etxekotzeko gai ziren espezie gutxi gelditu zen, eta ondorioz, abeltzantza ez zen ia garatu. Aitzitik, Europan etxekotzeko aproposa zen animalia ugari zegoen eta abeltzantza Amerikan baino askoz gehiago garatu zen. Neolito garaiko nekazariak abeltzantzarekin batera gaixotasun berriak hedatzen ari zirela konturatu ziren, baina horren kontra ezin izan zuten ezer egin.

Kristobal Kolonen aurkikuntzarekin gertatu zena, aski garbia da zoritxarrez. Lehen amerikarrek, Mundu Zaharra utzi eta gaixotasunak garatzen ari ziren lekuetatik urrutiratu egin ziren. Amerikako gaixotasun-hesia zeharkatu egin zuten eta bitarte horretan bertako fauna aberatsa izugarri murriztu eta horrekin batera animaliak hezteko aukera ere galdu zenez, gaixotasunak soinean eramateko aukera ere hantxe utzi zuten. Zoritxarrez, ondorengo 11.000 urteetan Europan garatu ziren gaixotasunen aurkako defentsarik gabe geratu ziren eta 1492az geroztiko 500 urtean izurriteen menpe erortzeko arriskuan egon ziren maiz.

Amerikako historia berridazten

Nolakoa izango ote zitekeen gaurko Amerika, gaixotasun arrotzek eragindako heriotza-kopurua horren handia izan ez balitz? Eta, lehen amerikarrek Mundu Zaharretik gaixotasunak eraman izan balituzte? Edo, Bering itsasartetik sartu izan ez balira? Edo, megafaunaren % 80 Pleistozenoko amaieran desagertu izan ez balitz? Edo, gainerako ugaztunak errazago hezi izan balituzte, edota indar guztiak horretarako erabili izan balituzte?

1519ko abenduan, Hernán Cortés konkistatzailea azteken Tenochtitlan hiriburura abiatu zen. Moctezuma II.a atxilotu egin zuen eta sei hilabetez agindu zuen hiri gatazkatsu hartan. Baina, Espainiako agintariek Pánfilo de Narváez Cortés atxilotzera bidali zutenean, Cortések honen aginduetara jarri behar izan zuen. Tenochtitlan hiria, gogoko ez zuen agintari baten ardurapean zegoen eta armarik ez zeramaten 600 buruzagi erlijioso azteka erahil zituztenean gerra zibila piztu zen. Moctezumaren Cuitlahuac anaia, aztekez osatutako armadaren buru jarri zen eta Tenochtitlan berreskuratu egin zuen, Espainiako agintariak bere eskutan hiltzeko zorian egon zirelarik.

Hernán Cortés.

Artean Tenochtitlanetik kanpo zegoen Cortések, Narváez garaitu eta hiri hartan zituen konpainien berri txarrak jasotakoan, berriro azteken hiriburua hartzera abiatu zen. 1520ko ekainaren 24ean sartu zen berriro hirira 1.250 espainolekin eta Tlaxcallango 8.000 natiboren laguntzarekin. Zazpi egunez borrokatu ondoren, Cortések errendatu egin behar izan zuen, bere armadaren herena galduta. Baina ez zuen etsi eta Tenochtitlan setiatu ondoren azteken erresumaz berriz jabetu zen.

Garaipen hau azaltzeko arrazoi desberdinak aipatu izan dira. Batzuek, Cortések arma eta zaldi gehiago zituela eta horrek garaitzea erraztu egin ziola argudiatu dute. Beste batzuek, Cortésen misiolari izaera gartsu eta adoretsuari eta jenio militarrari egotzi diote garaipena. Nolanahi ere, egia da seguraski Cortés jeneral bikaina izan zela, baina Tenochtitlan menperatzearen meritua ezin zaio bere estrategia edo taktika militarrari egotzi.

Arrazoi nagusia baztanga izan zela dirudi. Hain zuzen ere, Narváezen soldadu batek gaixotasun hori zeukan eta natiboen artean zabaldu zenean herri osoa kutsatu zuen, heldu zein gazte asko hilez. Horregatik, Cortésen armada aztekena baino txikiagoa zen arren, ez zuen inolako zailtasunik izan 1521eko udan Tenochtitlan menperatzeko.

Seguraski europarren gaixotasunen eragin militarra ez da inoiz horren erabakiorra izan. Hau egia bada, konkistatzaileen garaipena, eta neurri handi batean Amerikako konkista, baztangaren garaipena izan zen. Beraz, gaixotasun arrotzen izurriteengatik izan ez balitz, Amerikako historia beste era batera kontatu beharko genuke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia