Basoak laborategian
1991/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oihan tropikalak murriztearen eraginez negutegi-efektua areagotzen ari dela gauza ezaguna da. Konpainia britainiar bat, munduko zenbait lekutan berroihanketari ekiteko, zuhaitz indartsu eta osasuntsu asko produzitzen hasi da.
Horretarako erabiltzen duen metodoaren oinarria hauxe da: zenbait landare-zelulak, baldintza egokitan, erein eta erne daitekeen multzoa sor dezake.
Horrela, gaixotasunik gabeko zelulak aukeratzearekin batera, urteko edozein sasoitan landa daitezke. Beraz, abantailak erabatekoak dira. Gainera berroihanketarako dauden programek kontutan zuhaitz-kantitate handiegiak hartzen dituztenez, haziak erabili ahal izatea ezinezkoa da.
Metodo berri honetan lehenik egiten dena sustrai- edo zurtoin-muturretik zelulak banantzea da. Ondoren, zelula horiek elikagai-ingurune berezi batean hazten dira. Geroxeago zurtoina hazten da, hau landatu eta banku batean gorde daitekeelarik.
Ingalaterrako Novalal izeneko konpainiak 300 lagin (aletik hasita zuhaitzeraino) ditu bere bankuan eta munduan dagoen material fitogenetikoaren gordailurik handiena da. Une honetan konpainiaren zeregina hiru arlotan garatzen da.
Batetik, birlandatze-programetarako egur gogorreko zuhaitzen produkzioan; bestetik, elikagai-sektorerako zitrikoen, frutarbolen eta intxaur tropikalen produkzioan; eta azkenik, paper-industriarako eukalitu eta izeien produkzioan. Medikuntzan erabilgarri diren landare-produkzioa ere aipagarria da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia