Baso autoktonoak zuhaitz-landaketak baino hobeak dira ekosistementzat

2022/03/17 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Baso autoktono bat, Txinako Sichuan probintziako Daxiangling Erreserba Naturalean. Arg. Fangyuan Hua

Ekosistementzat eta biodibertsitatearentzat nabarmen hobeak dira baso autoktonoak zuhaitz-landaketak baino, basoberritzeko era desberdinak aztertu dituen lan zabal batean ondorioztatu dutenez. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Basoberritzeak garrantzitsutzat jotzen dira larrialdi klimatikoari eta haren ondorioei aurre egiteko, bereziki eremu degradatu de soilduetan, eta, bide horretatik, egitasmo asko daude mundu zabalean. Baina basoberritzea nola egiten den, eraginkortasuna desberdina izan liteke; eta horixe aztertu dute lan honetan. Horretarako, 53 herrialdetako 264 azterlan konparatu dituzte, planetako baso-bioma nagusiak kontuan hartuta. Eta ondorioztatu dute baso autoktonoak osaera sinpleagoko zuhaitz-landaketak baino eraginkorragoak direla karbono-metaketan, ur-horniduran, eta, bereziki, lurzoruaren higadurari aurre egiten eta biodibertsitatea ostatatzen. Zuhaitz-landaketak, berriz, hobeak dira egurra ekoizteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia