}

Barbacid ikertzailearen ‘onkotxip’-ak minbiziaren aurka

2001/06/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Azterketa genetikoak egiteko, biotxipak edo ADN-mikromatrizeak erabiltzen dira. Mikromatrize horietan, ordena zehatzean milaka gene jartzen dira eta gene-kopuru handia duten laginak aztertzeko erabiltzen dira, lagineko geneak matrizean dauden gene berdinei itsasten baitira. Horri esker, aztertu nahi diren odoleko, ehunetako edo tumoreetako laginen geneak identifikatzen dira.

Ikerketa Onkologikoko Zentro Nazionaleko buru Mariano Barbacidek mikromatrize berezi batzuk egin ditu. ‘Onkotxip’ horiek hainbat minbizi-mota analizatzeko egokiak dira. Izan ere, minbiziarekin zuzenean erlazionatutako 2.403 gene dituzte, gehi bigarren mailan aktibatzen edo desaktibatzen diren beste 4.111.

Hori egiteko, ikertzaileek tumore ezagunenen ARNa atera eta gai fluoreszente batekin markatu ondoren, matrizean ezarri dute. ARNa aktibatuta dauden geneek besterik ez dute ekoizten; beraz, tumore batean aktibatuta dauden geneen ARNa itsatsiko zaio sekuentzia berdineko onkotxipeko ARNari. Horrela, fluoreszentzia bidez tumorean jarduera duten geneak ikusiko dira.

2004. urtera bitartean, milaka gaixoen tumoreen laginak aztertuko dituzte. Helburua ohiko tumoreen datu genetikoak ezagutzea da, hau da, bularreko minbiziarenak, odolekoarenak, kolon-ondestekoarenak, biriketakoenak eta gernu aparatukoarenak. Horri guztiari esker, etorkizunean tumore bakoitzaren bilakaera eta tratamendua hobeto ezagutuko dira. Dirudienez, epe laburrean minbiziaren aurkako borrokan aurrerapauso garrantzitsuak ematea espero da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia