}

Balearen etorkizunaz, baikorrago

1995/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken urteotako datuak aztertu eta gero balearen populazioa % 10 handiagotu dela baiezta omen daiteke.

Ez dakigu 1901eko Maiatzaren 14az geroztik balerik azaldu ote den Orioko kostaldean, guk ez dugu ikusi bederen. Egia esan, oso leku gutxitan ikus daitezke argazkian dugun ale eder horren familiako kiderik. Edonola ere, baleen familia hazi egin dela diote azken ikerketek. Balearen Ikerketarako Nazioarteko Erakundeak plazaratu berri duen txostenak dioenez, azken urteotako datuak aztertu eta gero balearen populazioa % 10 handiagotu dela baiezta omen daiteke. Zehazki, hamar bale-talde handitan sumatu da joera hori.

Bale urdinari dagokionez, hazkundea txikiagoa izan bada ere (% 5, hain zuzen), baikor azaldu dira ikerlariak, munduan 1.000 ale baino ez dagoelako. Balearen Ikerketarako Nazioarteko Erakundeak 1986an balearen ehizarako ezarri zen atzerapenaren ondoriotzat jo dute bale-populazioa handiagotu izana. Berri pozgarria bada ere, baleak erabat desagertzeko duten arriskuaz ohartzea beharrezkoa dela diote. izan ere, Norvegia eta Japoniako arrantzaleek ez baitute amore eman oraindik eta atzetik dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia