}

Bakterio gehiago daude lurrean uretan baino

2002/07/03 Elhuyar Zientzia

Britainia Handiko zientzialari batzuen azterketen arabera, bakterio askoz gehiago daude lurrean ozeanoetan baino. Ozeanoetan bi milioi bakterio-espezie daude; tona bat lurrean, berriz, lau milioi espezie egon daitezkeela kalkulatu dute.

Hala ere, berri nagusia ez da kalkulua bera, erabili duten metodoa baizik. Normalean erabiltzen den kontaketa-metodoa genetikoa da: sekuentzia genetiko ezberdinak hartu eta bakterioak identifikatzen dira. Aldiz, zientzialari-talde honek ugarienak diren bakterio-espezieak kontabilizatu ditu kalkulua egiteko.

Espezieen kalkuluak egiteko erabili duten printzipioa hurrengo hau da: hartutako laginetan bakterio-espezie arruntenek populazio osoaren proportzio handi bat betez gero, beste espezieen kopurua askoz ere txikiagoa den seinale. Aldiz, espezie arrunten proportzioa txikia bada, espezie arraroagoen kopurua asko igotzen den seinale.

Lortu dituzten emaitzen arabera, ozeanoetan espezie guztien %25 arruntak dira. Lurrean, aldiz, %10 bakarrik. Horren arabera, ozeanoko ur mililitro batean 160 bakterio-espezie daude eta lur miligramo batean 6.400 eta 38.000 bitartean. Diotenez, lortu dituzten datu horiek aurretik zeuden datu genetikoekin bat egiten dute.

Alde horren arrazoi nagusia ingurunea da: ozeanoa ingurune askoz ere homogeneoagoa da lurzorua baino.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia