}

Bagina ikusezinen kasua

2014/05/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

bagina-ikusezinen-kasua
Zapatariaren baginak ate bat du, koitoa kontrolatzeko. Arg. Brennan et al/CC BY

Sexu-organoen eboluzioa aztertzen duten ikerketak analizatuta, datu harrigarri bat topatu dute hiru ikertzailek: azken 25 urteetan, sexu-organoen eboluzioari buruzko 364 ikerketa argitaratu dira eta, haietatik, ia erdietan (% 49) aztertutako organoak arrenak bakarrik ziren; ikerketen % 44etan bien sexu-organoak hartu dituzte aintzat, eta % 8etan bakarrik dira emeen sexu-organoak ikergai nagusi. Harrigarria… eta argigarria.

PLOS Biology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta zenbait ondorio ere atera dituzte. Ondorio nagusia, hau: sexu-organoen eboluzioa ikertu duten zientzialariek behin eta berriro baztertu dituzte emeak. Eta ez da iraganeko kontua, joera nabarmenagoa baita 2000. urtetik aurrera. Ezta ikertzaile gizonezkoena ere, ikerketa emakumezkoek sinatzen zutenean ere, jokabide berbera izan dutela ikusi baitute.

Non dago, orduan, gakoa? Zergatik ez dituzte emeen sexu-organoak ikertu? Egileek hainbat hipotesi aztertu dituzte, adibidez, zakilak errazagoak direla ikertzeko baginak baino, kanpoan daudelako. Egileen ustez, ordea, hori aitzakia hutsa da, gaur egungo teknikekin ez baitago inolako eragozpenik gorputz barruko ehun bigunen egitura aztertzeko.

Arren sexu-organoak emeenak baino bitxiagoak, interesgarriagoak eta aipagarriagoak diren ustea ere aztertu dute. Hain zuzen, era askotako zakilak ezagutzen dira: arantzadunak, adarkatuak, luze-luzeak, kakodunak… Garbi dago, beraz, organo horrek eboluzio berezia izan duela, eta ez da harritzekoa ikertzaileen interesa piztu izana.

Alabaina, egileek frogatu dute emeen organoek zakilen pare eboluzionatu dutela, eta badirela bagina nabarmen eta bereziak. Esate baterako, armiarmek askotariko baginak dituzte, eta sekulako aldea dago espezie batetik bestera. Zapatari deitzen diogun uretako intsektua (Gerris gracilicornis) ere aipatzen dute artikuluan; izan ere, bagina itxi eta irekitzen duen “ate” bat du; eta horretaz baliatzen da nahi gabeko koitorik ez izateko. Beste espezie batzuek zaku edo biltegi bat baino gehiago dituzte baginaren barruan, eta gai dira nahi duten arraren esperma aukeratzeko, obulua ernaltzeko.

Alegia, nahikoa da baginei arretaz .begiratzea, zakiletan adinako aberastasuna topatzeko itxuraren eta funtzionalitatearen aldetik. Egileen iritziz, horrek atzera botatzen du baginak (eta haien jabeak, emeak) “ontzi” huts gisa irudikatzen dituen ikuspuntua. Eta, hain justu, uste dute hori izan dela zientzialarien abiapuntua, sexu-organoen eboluzioa ikertzen hasi zirenetik gaur egunera arte.

Horrenbestez, ikuspuntua aldatzeko aldarria egin dute hiru ikertzaileek PLOS Biology aldizkarian, eta gogoeta honekin amaitu dute artikulua: “Sexu bakarra aztertzen duten ikerketek ekuazio oso konplexu baten alde bakar bat ikertzeko arriskua dute, eta joera handiagoa izango dute sexuen artean gerta daitekeen dimamika koebolutibo konplexua gaizki ulertzeko. Aitzitik, arren eta emeen sexu-organoen koeboluzioa aintzat hartzen duten ikerketek eragin handia izan dute animalien sexu-organoen funtzioa eta eboluzioa ulertzean”.

 

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia