Azenariozko ortzadarra
2002/05/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Azenario moreak laranja-kolorekoak dira barrualdetik, eta umeei barazkiak onartzen lagunduko dietela uste dute merkatariek. Azenario arruntak, hau da, laranja kolorekoak, oso osasuntsuak dira ikusmena eta larruazala ondo egoteko beharrezkoa den A bitaminaren forma bat dutelako, beta karotenoa. More-kolorekoek, berriz, antozianina ere badute, eta pigmentu horrek minbizi-mota batzuen aurrean babesa ematen duela uste da.
Lehen ere, medikuntzan oso barazki estimatua izan da azenarioa. Adibidez, Erdi Aroan, hasi sifilitik eta zakurren hozkaraino, gaixotasun pila bat sendatzeko erabiltzen zuten. Are lehenago, gizonezkoen sexurako grina eta emakumezkoen ugalkortasuna areagotzen zituelakoan zeuden antzinako grekoak.
Argi dago, beraz, azenarioak ez direla atzo goizekoak. Alabaina, lehenengo azenarioek ez zuten gaur egungoen itxura. Oraingo Afganistango lurraldean, duela 5.000 urteko azenario-sustraiak aurkitu dira, eta k.a. 2000. urteko Egiptoko tenpluetako marrazkietan ere azaltzen da landarea. Arrasto horien arabera, azenarioa morea zen, egungoa baino txikiagoa eta kolorgeagoa.
Mendetan zehar, merkatari arabiarrek Arabiako, Asiako eta Afrikako merkataritza bideetan barrena zabaldu zituzten azenario-haziak. Garai haietan, kolore askotariko azenarioak zeuden: zuriak, horiak, gorriak, berdeak, beltzak eta, nola ez, moreak. Gero, XII. mendean, mairuek azenario moreak eta horiak sartu zituzten Europaren hegoaldean, eta XIII. menderako Frantzian eta Alemanian hazten ziren. Britainia Handira, aldiz, ez ziren XV. mendera arte iritsi; flandestarren eskutik sartu ziren hain zuzen.
XVIII. menderako, herbeheretarrak ziren adituenak azenario-hazkuntzan, eta haiek hala nahi izan zutelako, kolore laranjakoak hobetu eta hedatu zituzten. Nonbait, azenarioei ezaugarri ‘nazionala’ eman nahi zieten, eta horretarako azenario horiak hazi zituzten, moreekin nahastuta gorriak lortzeko. Hurrenez hurrengo hibridazioen bidez, gaur egun hedatuen dagoen azenario laranja lortu zuten.
Orain Britainia Handian salgai jarriko dituzten azenario moreak Britainia Handiko lursailetan hazitakoak badira ere, Herbehereetan egin dira barietate hori lortzeko ikerketak. Gerora, beste koloreetakoak ere eskaini nahi dituzte. Bide batez, aipatzekoa da arruntak baino garestixeagoak direla (2 € balio dute 1,8 € beharrean). Horrekin umeak purea errazago jango balu sikiera!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia