}

Automobiletako plastikoak eta poluzioa

1996/09/01 Gondra, Koldo | Hernaiz, E. | Madariaga, L | Vergara, J. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urtero milioka automobil desmuntatzen da, 24 milioi inguru ikerketek diotenez. Hauen burdinazko materialen birziklapena jadanik arazo ez bada ere (pisuaren % 75 gutxi gora behera), ezin da gauza bera esan gainerako materialez (% 20 inguru). Autoetako plastikoak, kautxoak eta beirak ez dira gehienetan birziklatzen; hau da, desmontatzen den auto bakoitzeko 200 bat kilogramo zabor sortzen da. Aipatu behar da bestalde, material hauek oso arinak direla eta pisuz % 20 baino ez den arren, bolumenean askoz ere gehiago dela.

Arazo hau gero eta larriagoa da, autoek gero eta material plastiko gehiago daramatelako batetik, eta gero eta auto gehiago egiten delako bestetik. Azkenaldi honetan birziklapenari buruz asko ikertu eta idatzi den arren, ez da oraindik industri mailan indarrean ezarri. Baina zeintzuk dira material hauek berriro autogintzan ez erabiltzeko arrazoiak? Gure iritziz, ondokoak dira arrazoi nagusiak:

  • Autoetan erabiltzen diren plastiko gehienak oso merkeak izatea, 100-200 pezeta kilogramoko.
  • Pieza bera egiteko etxe bakoitzak material desberdina erabiltzea. Esaterako, kolpeleungailuetan polipropilenoa (PP), poliester errefortzatua (SMC) eta polibutilen-tereftalatoa (PBT) ere erabiltzen dira.
  • Piezak ez daude oro har birziklapenerako diseinatuta. Hots, ez da zein plastiko den zehazten, desmuntatzen zailak izaten dira eta pieza berean material desberdinak erabiltzen dituzte.
  • Piezen gainazalak bete behar dituen baldintzak oso zorrotzak dira eta, ondorioz, material birziklatuak garbiak eta kalitate onekoak izan behar du (birziklapen selektiboa).
  • Gainera esan, administrazioak gaur egun ez dituela birziklapen-mota hau bultzatzeko eman behar dituen urratsak eman eta, ondorioz, ez dago hori bideratzeko azpiegitura egokirik.

Eta, nola konpon daiteke arazo hau? Hona segidan irtenbide batzuk:

  • Plastiko birziklatuei merkatu berriak irekiz. Lehentxeago esan dugunez, autogintzan materiala berrerabiltzea oso zaila da gaur-gaurkoz. Baina badirudi materialen erabilpena arautu egingo dutela (pieza berrietan, materialen % 20a birziklatua izan beharko du). Dena dela, plastiko birziklatuen erabilera bultzatu beharko luke administrazioak bere erabilera beste arlo batzuetara hedatuz eta sustatuz.
  • Auto fabrikatzaileek, piezen diseinuari eta material-motari buruzko irizpideak bateratuz, analisi ekonomikoetan materiala birziklatzeko dagoen zailtasuna eta horren kostua kontutan hartuz, pieza desmuntagarriak diseinatuz eta piezako plastiko-moten kopurua gutxiagotuz.
  • Administrazioak eta fabrikatzaileek birziklapenari buruzko arau berriak ezarriz, behar-beharrezko azpiegitura ipiniz et demuntaketarako eta birziklapenerako zentruak bultzatuz.

Esandakoarekin material plastikoak birziklatzea ia ezinezkoa dela pentsa daiteke. Baina gure iritziz, aipatu ditugun puntuetan sakonduz gero, poluzioaren arazoa konpon daiteke, eta kostu ekonomiko handiegirik gabe gainera. Amaitzeko esan, material hauek izan badituztela bere abantailak:

  • Altzairua baino zazpi aldiz arinagoa denez, autoaren pisua murriztu egiten da erregai-kontsumoa eta, ondorioz, sortzen duen CO/CO2 poluzioa gutxiagotuz.
  • Edozein diseinu ahalbidetzen dute, geometria konplexua duten piezak ere urrats batean egin daitezke.
  • Ez dute korrosio arazorik eta, ondorioz, ez dira margotu behar.
  • Eta motoreak sortzen dituen zaratak eta bibrazioak moteldu egiten ditu.

Ahaleginak merezi duela iruditzen zaigu. Beraz, ea erabaki ahalmena dutenek gaiari heldu eta irtenbide egokia ematen dioten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia