}

Automobiletako iragazkia

1998/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

3M etxeak automobil barruko gas, usain txar eta partikuletatik babesteko iragazkiak egiten ditu.

Alemaniako Mercedes eta BMW etxeek beren automobil handietan aireztapen eta aire egokituaren zirkuituetan gas-iragazkiak ipintzen hasi dira. Iragazki hauek 3M etxeak egiten ditu eta batez ere hidrokarburoak erreta sortzen diren ozono, sufre oxido eta nitrogeno oxidoak iragazteko dira.

Badakigu gas hauek arnasten luze egotea osasunarentzat kaltegarria dela eta errepideetan poluzioa handiagoa izaten dela. Egin diren analisietan automobilen barnean kanpoan baino bi edo hiru aldiz poluzio handiagoa dagoela ikusi da; aireztapen-sistemak gasak automobil barnean kontzentratu egiten baititu.

3M etxeak automobil barruko gas, usain txar eta partikuletatik babesteko iragazkiak egiten ditu.

Gas-iragazkiek aldi berean ibilbideko usain txarrak automobil barnean desagertarazteko ere balio dute. Ikatz aktiboa erabiltzen dute horretarako. 3M etxeak Filtrete izeneko partikula-iragazkia ere proposatzen du. Bertan ikatz aktiboarekin batera beste material bat dago; fabrikatzen denean elektrikoki kargatzen diren zuntz batzuez osaturikoa, hain zuzen. Zuntzen ebakidura laukizuzenak eta karga elektrostatikoak langa ezartzen dute aireztapen-sistemaren bidez ibilgailuaren barrura partikula finak (kedar, metal, amianto, kautxu, polen eta abarrezko partikula finak) sar ez daitezen. Langa honen eraginkortasuna % 80koa da partikulak 0,5 mikrakoak direnean eta % 100ekoa 5 mikrakoak edo handiagoak direnean.

Gas-iragazkia ingurugiroko poluzioaren arabera ibilgailuak 10 mila edo 15 mila kilometro egindakoan aldatu egin behar da eta ordezkatzeko pieza bakoitzak 3.750 pta. (150 libera) balio du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia