}

Atomoen hologramak

1989/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tunel efektuzko mikroskopioaz lortutako irudietan atomoak ikustea lortu dute. Arizonako unibertsitateko talde batek eta MITeko beste batek tunel efektuzko mikroskopioa erabiliz atomo-multzo baten holograma egitea lortu dute. Imajinak erliebe sentsatzioa sortzen du eta informazio ugari ematen du gainazalari buruz.

I

kerlariek nola egin dute lan? Har dezagun metal baten gainazala. Mekanika kuantikoaren arabera, metal horren elektroiek gainazala baino zenbait angström harantzago zabaltzen den hodei modukoa osatzen dute.

Bi gainazal metaliko asko hurbiltzen badira, bien arteko distantzia angström gutxi batzuetakoa delarik eta gainazalen artean potentzial-diferentzia aplikatzen bada, tartean dauden elektroiek batetik bestera pasatzeko aukera izango dute. Honi potentzial-langako (bi gainazalen arteko tarte hutsa da langa) zeharkako tunel efektu deritzo.

Sortzen den korrontearen intentsitatea tartean dagoen elektroi-kopuruaren menpeko da eta ondorioz bi gainazalen artean dagoen distantziaren araberakoa. Mikroskopioaren oinarria sinplea da: gainazal baten aurrean metalezko oso mutur mehea jarri behar da.

Muturraren eta gainazalaren arteko distantzia, nahi den intentsitateko tunel efektua lortzeko doitzen da. Muturra gainazalaren gainean desplazatzen bada, korrontea konstante mantenduz, muturra hurbildu ala urrundu egingo da gainazalaren topografia zehatzaren arabera.

Desplazamendu hauen erregistroak erliebe-mapa bat sortzen du eta software grafiko baten bidez aztertutako gainazalaren bi dimentsioko irudia lortzen da. Ikerlari iparramerikarrak ez dira hor gelditu eta holografiaren tekniken bidez gainazalaren holograma osatu dute.

Teknika honek, garatu dutenen eritziz, atomoen topografiaz informazio gehigarria emango dio ikerlariari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia