Nola biziraun zuten landareek Lurraren iraungitze masiboa handienean? Galdera horri erantzun nahi izan dio ikerketa batek, zientziak ez baitu xehetasunez argitu zer gertatu zitzaien duela 252 milioi urte gertatutako Permo-Triasikoko iraungitzean, Lurrak inoiz izan duen biodibertsitate-galera handienean.
Bulkanismo masiboaren ondorioz, atmosferako CO2 maila ikaragarri handitu zen, berotze globala eraginez, 40-65 ºC izateraino, eta ozeanoan anoxia orokorra eta azidifikazioa sortuz. Ondorioz, itsasoko animalia-espezieen % 81 eta lurreko ornodunen % 70 desagertu ziren.
Landareen kasuan, basoak desagertu eta landare baskular sinple eta dibertsitate urrikoak baino ez ziren geratu: likofitoak, batez ere. Landare haiek irautearen arrazoia argitu dute orain: estresak eraginda, fotosintesian aldaketak egin zituzten, fotosintesi malguago eta urarekiko eraginkorragoa lortuz. CAM fotosintesia deitzen zaio, eta hori izan zitekeen iraungitze masibotik libratu zituena, Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.



