}

Artzaintza gaur egungo erara

2008/11/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ekonomia-sektore eta lanbide gehienetan (guztietan ez esateagatik), aurrerapen teknologikoak egin dira. Aurrerapen horiei esker, etekina asko handitu dute batzuek eta besteek. Artzaintzak ere heldu dio berrikuntzok ematen duten laguntzari, eta, orain, Itsasmendikoi Artzain Eskolan, tresna berri mordo bat jarri dute artzainei erakusteko nola atera etekin handiagoa beren lanari.
Artzaintza gaur egungo erara
2008/11/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Itsasmendikoi Artzain Eskola)

Sartu dituzten berrikuntza teknologikoek asko erraztu dute artzainek egunero ardiak gobernatzeko egin behar duten lana. Honela kontatu zigun Batis Otaegik, Artzain Eskolako zuzendariak: "Esate baterako, animalien azpiak egiteko, lastoak eta horrelakoak erabiltzen genituen lehengo artzaintzan". Horrek egunero ordubeteko edo bi orduko lana eskatzen zion artzainari; lehenik azpiak jarri behar zizkien ardiei, eta, gero, zikindutako azpiak bildu eta berriz ere garbiak jarri.

"Orain jarri dugun sisteman, berriz, artzainek ez dute lanik hartu beharrik horretarako", esan zigun Otaegik; "ukuiluak lurrean plastikozko parrilla bat dauka, plastikozko egitura horretan daude ardiak, eta parrillaren zulotxoetatik azpian dagoen hobi batera erortzen da ardi-simaurra". Azpiko hobi horretan pilatutako simaurra bildu besterik ez dute egin behar artzainek.

Bestalde, ardiei jatekoa emateko jadanik ez dute animalia artean ibili beharrik. Otaegik deskribatu zuen zer gogaikarria zen lehen animaliak bazkatzea: "Animalien artean ibili behar izaten genuen; ardiak bustita baldin bazeuden, gu busti egiten ginen, eta ez ziguten uzten jana behar bezala ematen". Enbarazu hori saihesteaz gainera, orain askoz azkarrago egiten dute lan hori: zinta garraiatzaile batzuen bidez banatzen dute elikagaia. Hala, zinta horrek errenkadan jarrita dauden ardietaraino eramaten du jatekoa, eta artzainak ukuiluaren izkina batean egon besterik ez du. Hor dago, hain zuzen, zinta martxan jartzen duen tresna.

Gainera, aukera ematen dio artzainari ardi-multzo bakoitzari emango dion janari-kantitatea zehazteko. "Kontuan izanda artzainek xahutzen duten diru guztiaren ehuneko laurogei ardientzako elikagaia erosten xahutzen dutela, diru-inbertsio handiena optimizatzeko modu bat da hori" esan zigun Otaegik.

Ardiak taldetan banatzeko aukera dute artzainek (artaldea menditik bueltan datorrenean, esate baterako), jetzi behar dituzten ardiak eta jetzi behar ez dituztenak banatzeko, edo ardiak produzitzen duten esne-kantitatearen arabera bereizteko eta abar. Horretarako, ardiei mikrotxip bana jartzen diete sabelaldean, eta, ukuiluan sartzeko, irakurgailu batetik pasarazten dituzte bat-banaka.

Lanari etekin handiagoa nola atera erakusteko helburua du Itsasmendikoi Artzain Eskolak.
O. Lakar

Irakurgailuak ardi bakoitza identifikatzen du, eta, artzainak ezarritako irizpidearen arabera, ukuiluaren alde batera edo bestera joanarazten du. Ate berezi batek egiten du lan hori; irakurgailuaren atzean dago, eta ardi bakoitzari alde batera bakarrik uzten dio pasatzen (beste alderako sarbidea itxi egiten dio, hain zuzen).

Jezteko ere erosotasunak

Otaegik esan zigunez, ardiak jezteko behar den denbora erdira baino gutxiagora murriztu da: "Lehen bi lagunek ordu eta erdi, edo ia bi ordu, eman behar izaten zituzten 220 ardi jezteko. Orain, berriz, pertsona bakar batek ordu eta laurdenean 250 ardi jezten ditu". Artzainek txoperak jarri behar izaten dizkiete ardiei errapeetan; hortik aurrerakoa, automatikoki egiten dute makinek. Bi aukera dituzte artzainek: ardiek ematen duten guztia atera arte jetzi, edo jezteko denbora-tarte jakin bat zehaztu, gehiago atera ez dezan.

Bata zein bestea aukeratu, jeztea bukatutakoan bakarrik eteten dira jezteko makinak: lehenengo kasuan, makinak hamar segundo ematen dituenean esnerik atera gabe, eta bigarrenean, zehaztutako denbora pasatutakoan. "Modu horretan, saihestu egiten dute behar baino gehiago jeztea, eta horrelako arazoak" esan zigun Otaegik.

Gainera, lehen aipatutako mikrotxipari esker, artzainak jakin dezake zenbat esne ematen duen ardi bakoitzak. Jetzitegian beste irakurgailu bat jarri dute, eta, hala "ordenagailuak badaki ardi bakoitza zein lekutan jarri den, eta automatikoki neurtzen du jezteko makinak zenbat esne ateratzen dion" azaldu zigun Otaegik.

Ezkerretik eta goitik hasita, gorotzak tartetik pasatzeko parrilla, elikagaia banatzeko zinta (gainean duen toberak botatzen du artzainak zehaztutako pentsu-kantitatea), ardiak taldeka jartzeko tresna, eta jetzitegia (ardiak identifikatzen dituen irakurgailua lehenik, eta jezteko makinak atzean).
(Argazkia: O. Lakar)

Agur artzaintza tradizionalari?

Zilegi da artzaintza tradizionala teknologiaren laguntzaz baliatzea? Hau da, artzaintza tradizionala izateari utziko lioke berrikuntza horiek erabiltzen hasiz gero? Hainbatek hala uste dutela esan zigun Batis Otaegik. Itsasmendikoi Artzain Eskolan, berriz, ez dute horrelakorik uste. Uste dute teknologia-aurrerapenek artzainen lana errazten dutela, baina artzaintza tradizionalaren senak ezertxo ere aldatu gabe jarraitzen duela.

Otaegik esan zigunez, "artzaintza tradizionala izateari utziko lioke baldin eta beste arraza batzuetako ardiak ekarri-ko bagenitu, gehiago ekoizten duten horietakoak, eta ukuiluetan besterik zainduko ez bagenitu". Hori, ordea, ez da haien helburua: "gure helburua da bertako arrazekin lan egitea, mendi-inguruak eta etxaldeak kudeatzea, lurra kudeatzea, belardiak txukun edukitzea, eta atxikitzea, azken batean, kalitate goreneko produktu bati, egiten dugunari: gama altuko Idiazabal gazta."

Gainera, haren ustez, artzainek beti erabili dute eskura zuten teknologia aurreratuena; sekula ez diote uko egin aurrerapenari: "Garai batean egurrezko ontziak eta tresnak erabiltzen zituzten, egurra zelako eskura zuten materialik onena. Baina orain dela 30 bat urte altzairu herdoilgaitzezko tresnak atera zituzten, eta horiek erabiltzen hasi ziren. Tresnok askoz errazago garbitzen dira, eta errazago iristen dira osasun- eta garbitasun-baldintzak betetzera." Bada, orain, antzeko egoera baten aurrean daudela uste du Otaegik.

Hiru zutoineko proiektua

Batis Otaegi, Artzain Eskolako zuzendaria, jezteko makinan lanean.
O. Lakar

Gaur Itsasmendikoi Artzain Eskola dena orain dela hogeita hamar bat urte 300 buruko artalde bat kudeatzeko Arantzazuko fraide frantziskotarrek abiarazi zutenaren ondorengoa da.

Otaegik kontatu zigun nola sortu zen eskola egiteko ideia: "Nikolas Segurola frantziskotarra eta artzaina izan zen eskola sortzea gehien bultzatu zuenetako bat. Betidanik izan da oso berritzailea, eta ikusten zuen artzainek ezin zutela jarraitu lehengo eran lan egiten. Beharrezkoa ikusten zuen sektorean egin ziren berrikuntzak ezagutzera ematea artzainei edo artzain izateko asmoa zutenei."

Hortaz, lanean hasi zen eskola martxan jartzeko, eta, azkenean, adostasun batera iritsi ziren frantziskotarrak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Itsasmendikoi, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuen prestakuntzako, sustapeneko eta garapen integraleko zentroa. Lehenengoek artaldea, lurrak eta baserria jarri zituzten, orain dela hogeita hamar urte martxan jarritako artaldeak aurrera jarrai dezan, aldundiak bere gain hartu zituen instalazioak berritzeko lanak, berrikuntzei heltzea zer garrantzitsua den erakustea baitu helburu, eta azkenik, Itsasmendikoik artzainak trebatzeko instalazioak egokitu zituen, interesa duen orori ahalik eta modu praktikoenean eta hezigarrienean erakusteko nola egin daitekeen gaur egun artzaintza.

Lakar Iraizoz, Oihane
3
247
2008
11
034
Abeltzaintza; Teknologia
Artikulua
47

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia