}

Arto transgenikoa minbizi-eragile dela ondorioztatzen zuen ikerketak akatsak ditu, EFSAren esanean

2012/10/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Irailaren 19an, herbizida bat eta herbizida horrekiko erresistentea den arto transgenikoa arratoietan minbizi-eragileak zirela erakusten zuen artikulu bat argitaratu zen Food and Chemical Toxicology aldizkarian. Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den erakundeak (EFSA), ordea, akats metodologiko handiak aurkitu ditu ikerketa horretan, eta, beraz, emaitzak baztergarriak direla ondorioztatu du.
arto-transgenikoa-minbizi-eragile-dela-ondorioztat
Arto transgenikoa eta minbizia erlazionatzen zituen ikerketa ez dela fidagarria ondorioztatu du EFSAk. - Arg. Elhuyar Fundazioa.

Caengo eta Veronako unibertsitateeko ikertzaileek egin zuten ikerketa hura, eta  "Long term toxicity of a Roundup herbicide and a Roundup-tolerant genetically modified maize" izenburuarekin argitaratu zuten. Hain zuzen, horixe zen ikerketaren helburua: ikustea ea genetikoki eraldatutako artoz eta herbizidaz tratatutakoaz elikatutako arratoiek osasun-arazorik zuten, elikaduraren ondorioz. Horretarako, hamar taldetan banatu zituzten arratoiak, eta talde bakoitzari arto transgenikoaren eta herbizidaz tratatutako artoaren ehuneko desberdinak eman zizkieten jateko.

Emaitzak garbiak ziren: bi urte iraun zuen ikerketak, eta, tarte horretan, elikadura hori jaso zuten arratoi-eme guztiak kontrol-taldekoak baino 2-3 aldiz lehenago hil ziren. Bularreko eta pituitariako minbizia garatu zuten, eta gorabehera handiak zituzten hormona-sisteman. Arratoi arretan, berriz, gibela zen organo kaltetuena, eta kontrolekoek baino 4 aldiz tumore gehiago zuten.

Ikerketak kezka sortu zuen, arto transgeniko hori eta harekin batera erabiltzen den herbizida onartuta baitaude Europan. Horretarako, noski, segurtasun-proba guztiak gainditu behar izan zituzten. Ikerketak, baina, ezbaian jarri zuen segurtasun-proben zorroztasuna.

EFSAren ondorioak

Horren aurrean, EFSAk ikerketa aztertuko zuela agindu zuen, eta orain plazaratu du azterketaren emaitza. Araututako Produktuen Zientzia Ebaluazio Zuzendaritzak (REPRO) gidatu du azterketa, eta hainbat arlotako adituek parte hartu dute (bioestatistika, esperimentuen diseinua, ugaztunen toxikologia, bioteknologia, biokimika, pestiziden segurtasuna eta genetikoki eraldatutako organismoen segurtasuna). Horrez gain, beste bi adituk berrikusi dute egindako azterketa.

EFSAk zehaztu duenez, Food and Chemical Toxicology aldizkarian argitaratutako ikerketa soilik aztertu du, ez baitu ikerketaren dokumentazio osoa ikusterik izan. Hortaz, azterketaren emaitzak argitaratzearekin bat, gutun bat bidali diote ikerketaren buruari, Gilles-Eric Séralini ikertzaileari, EFSAri datu gehiago ematera gonbidatuz, hala nahi izanez gero.

Edonola ere, argitaratutako ikerketak hainbat akats metodologiko dituela adierazi du EFSAk, eta, beraz, emaitzak ez direla aintzat hartzeko modukoak. Akats horien artean aukeratutako arratoi-mota dago: EFSAren esanean, arratoi horiek bi urteko bizi-itxaropena dute, eta tarte horretan minbizia garatzeko joera dute; ikertzaileek, ordea, ez dute hori kontuan izan, EFSAren ustez. 

Gainera, hamar taldetan banatu zituzten arratoiak, eta guztientzat kontrol-talde bakarra zuten. Bestetik, talde bakoitzean 10 arratoi zeuden, eta era horretako ikerketetarako nazioartean onartutako jarraibideen arabera, gutxienez 50 arratoi egon beharko lukete talde bakoitzean.

Arratoiei emandako elikadurari buruzko datu-gabezia ere salatu du EFSAk, eta baita arratoiek izandako osasun-arazoei buruzko argibide gehiago ez eman izana. Alderdi estatistikotik ere ahula dela frogatu dute. 

Horregatik guztiagatik, EFSAk jakinarazi du ez ikerketa ez dela fidagarria, eta ez dagoela arto transgeniko horren segurtasuna berriro aztertzeko beharrik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia