Elhuyar zientziaren komunikazioa

Arrhenius, Svante August

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1859-1927)

Suediako Uppsala ondoko Wijk herrian ikusi zuen lehen aldiz mundu honetako argia 1859.eko otsailaren 19an. Inork irakatsi gabe hiru urte zituela ikasi zuen irakurtzen eta txiki-txikitatik nabarmendu zen eskolan.

Uppsala-ko Unibertsitatean ikasle zela, elektrizitatea disoluzioetan nola iragaten zen aztertzeari ekin zion. Faraday-k elektrolisiaren legeak argitara emanak zituen, elektrizitateak partikula txikiak izan behar zituela iruditzen zitzaiolarik. Ioiak aipatu ziren, baina ioien nolakotasuna ez zuen inork behar bezala esplikatu.

Arrheniusek uretan disolbatuta korronte elektrikoa eroaten zuten substantziak (sodio kloruro edo gatza adibidez) elektrolitoak zirela eta korronterik eroaten ez zutenak ez zirela kontsideratu zuen. Horrez gain, elektrolito zirenen eta ez zirenen artean uraren solidotze-puntuaren arazoa zegoen. Substantzia bat uretan disolbatuz, uraren solidotze-tenperatura jaitsi egiten da, disolbatutako kantitatearen arabera. Zenbat eta substantzia gehiago disolbatu, hainbat eta gehiago jaisten da solidotze-tenperatura. Baina substantzia batzuentzat tenperatura-jaitsiera pisu molekularrarekiko alderantziz proportzionala zen. Litro bat uretan gramo bat sakarosa edo gramo bat glukosa disolbatu, tenperatura-jaitsiera erdia zen sakarosaren kasuan. Glukosa-molekularen tamaina sakarosa-molekularenaren erdia zenez gero, gramo bat glukosan gramo bat sakarosan baino bi aldiz molekula gehiago zeuden.

Solidotze-tenperatura jaisteko portaera hori elektrolitoekin ere berdina ote zen? Sodio-klorurozko kantitate jakin batean molekula-kopuru finkoa zegoen eta solidotze-tenperaturaren jaitsiera kalkulatu zen, baina bi aldiz tenperatura-jaitsiera handiagoa erregistratzen zuten. Arrheniusek orduan, honako esplikazioa eman zuen: uretara sartu orduko sodio klorurozko molekula bakoitza bi partikulatan banatzen da (sodiozkoa da bata eta klorozkoa bestea). Positiboki kargatutako sodio ioiak eta negatiboki kargatutako kloro ioiak, kargarik gabeko atomoek ez bezalako ezaugarriak zituzten.

Ikuspegi hau iraultzailea zen garai hartan, elektrikoki kargatutako atomoak ezinezkotzat jotzen zituztelako. Horregatik Arrheniusen teoria oso gutxik hartu zuten kontutan, 1884. urtean bere doktorego-tesian argitaratu zuenean. Epaimahaikoek gainera, zegoen nota baxuena eman zioten tesiari, teoria hartan sinesten ez zutelako. Zorionez Van't Hoff eta Ostwald-ek, teoria berriaz arduratuta, Arrheniusekin batera lan egin zuten.

1889. urtean Kimika Fisikoari beste ekarpen bat egin zion Arrheniusek. Erreakzio-kantitatea tenperaturaren arabera nola igotzen den aztertu zuen. Molekulek erreakzionatzeko aktibazio-energia behar zutela iradoki zuen.

1890. urte inguruan Thomson-ek elektroia eta Becquerel-ek erradio-aktibitatea aurkitu zutenean, Arrheniusen teoria ionikoak ontzat hartu zituzten. 1895. urtean Stockholm-eko Unibertsitatean irakasle izendatu zuten eta 1903an, hain arrakasta txikia izandako doktorego-tesiagatik Kimikako Nobel Saria eman zioten.

1905. urtean Nobel Institutuko Kimika Fisikoko zuzendari izendatu zuten eta ia hil arte iraun zuen kargu horretan.

Arrhenius gero zientziaren misterioez arduratu zen. 1908an argitaratutako Worlds in the Making (Munduen Eraketa) izeneko liburuan, Lurreko bizitza espazioan zehar bizidun esporak heldu zirenean sortu zela zioen. Esporek hotza eta aire falta erraz jasaten zutela eta izarretik izarrera espazioan zehar erradiazio-presioak bultzata zebiltzala jakinarazi zuen. Horregatik Martitzen bizitza egon zitekeela iruditzen zitzaion, baina geroztiko aurkikuntzek kontrakoa frogatu dute.

1912. urtean Theories of Solutions (Disoluzioei buruzko Teoriak) liburua argitaratu zuen.

Suediako Stockholm hiriburuan hil zen 1927.eko urriaren tan.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia