Arrantza-teknika berriak: istilu "saretsua"
1989/05/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sarrera
Sarea lehortzen Hendaiako portuan. (Argazkia: I.X.I.).Bizkaiko Golkoan atuna harrapatzeko erabili izan den arrantza-metodoa xexian deiturikoa izan da. 1940-1950 hamarkadan beita biziaren bidezko arrantza ezarri zen eta iparraldeko arrantzaleak izan ziren horretarako sareak lehen aldiz erabili zituztenak. Gerora Kantauri itsaso osora hedatu zen teknika hau.
Beste zenbait arrantza-metodo, ingura-sareen eta tretzaren bidezkoa adibidez, debekatua izan da 1974. urtean Espainiako eta Frantziako arrantzaleen artean sinatutako akordioaren bidez.
Hala ere, azken urte hauetan teknika berriei ekin zaie eta hauen ondorioz 1987. urtean frantziar arrantzaleek bikote bidezko arraste pelagikoari hasiera eman zioten.
Sistema honen bidez atzemandako atun-kantitatea, ohizko sistemekin harrapatutakoa baino dexentez handiagoa izan da. Beraz, gaur egun itsasoan dagoen atun-stocka arrantza-metodo berriei aurre egiteko nahikoa izango den ala ez da kezka nagusietako bat.
Teknika berrien ezaugarriak
Arraste pelagikorako sarearen itxura.Bi dira atal honetan aztertuko diren teknikak: trasmailu pelagikoa eta arraste pelagikoa.
Trasmailu pelagikoa sare-hesi luze bat da. Arrainei bidea mozten die, bertan harrapatuta geratzen direlarik. Sare hau 2,5 km luze da gutxi gorabehera eta edozein sakoneratan arrantza egiteko balio du. Horretarako zenbait flotagailu eta pisu du erantsita irudian azaltzen den eran.
Arraste pelagikoak edozein sakoneratan lan egin dezake, laneko sakonera, itsas hondotik gainazalerainokoa izan daitekeelarik. Arraste guztiak bezala, arrain-sarda zeharkatuz arraina sarearen kontra hondoan harrapatuta geratzea da helburua.
Sareak lau aldeko ahoa du; ebakidura laukizuzenekoa hain zuzen. Ahoaren luzera horizontalean 70 m-koa da gutxi gorabehera eta altuera bertikala 38 m-koa. Sare hauek maila handiz osatuta daude ahoaren aldean. Ahoa irekita mantendu ahal izateko, 4 flotagailu handi eta 500 kg-ko kontrapisuak erabiltzen dira.
Arraste pelagikoa bi modutara egin daiteke, hots, itsasuntzi batez edo bikote batez. Lehenengo kasuan arraste-ateak erabiltzen dira, sarea horizontalki irekitzea lortzeko. Bigarrenean nahikoa da bi itsasuntzien arteko distantzia handiagotzea.
Etekinik hoberena lortzeko bikoteka aritzea da onena, zeren eta itsasuntziek ateratzen duten zarataren eraginez arrainari orientazio-zentzua nahasten bait zaio eta bi itsasuntzien tartean metatzen bait da.
Bitarteko pelagikoen eragina
Sare pelagikoekin lanean ari diren untziak. (Argazkia: I.X.I.).Atunaren arrantzan bitarteko pelagikoek eduki dezaketen eragina hiru alorretan nabari daiteke.
Alde batetik harrapatutako kantitatea hazi egingo da. Frantziako itsasuntziak bakarrik kontutan hartuta, aurtengo ekitaldian espero den arrantza-kantitatea iazko totalaren %18,9 baino handiagoa izango da. Horrela jarraituz, urte gutxi batzuen buruan arrantza bikoiztu egingo litzateke eta ondorioz atun-stockaren mailak beherakada arriskugarria jasango luke.
Bestalde, teknologi aurrerapenak atunaren detekziorako ere erabiltzen dira. Sonarrak eta satelite bidez lortutako itsasoaren fronte termikoek eta isotermo-mapek, arraina harrapatzea erraztu egin dute.
Arrasteko sarearen mutur itsuaren xehetasuna. (Argazkia: I.X.I.).Azkenik, eta esperientziak erakusten duenez, hainbeste arrantza-mota desberdin batera lanean aritzeak elkarrekintza fisikoak sortzeko arriskua dekar. Orain arte erabiltzen ziren arrantza-motak, hau da, xexian deiturikoa, eta beita bizikoa, itsasuntziaren ingurunera mugatzen ziren. Hemendik aurrera, eta askotan arrain-sarda berari eragiten zaiola kontutan hartuz, istilu larriak gerta daitezke. Baina, hori baino kaltegarriagoa arrainen ohituretan aldaketak sortzea da. Atunen bat itsasuntzitik itsasora erortzea nahikoa izaten da atuna beldurtu eta sakabanatzeko. Sare pelagikoen eraginez aipatutako arazoa sor daitekeela esateko azkarregi da, baina kontsultatutako arrantzaleen eritziz, fenomeno hori gertatzen ari da.
Azken iradokizunak
Enpresetan birmoldaketak egin direnean, helburua produkzioa eta mozkinak hobetzea izan da. Itsasoan ere, produkzioa eta mozkinak hobetzen ari dira urtetik urtera. Sare pelagikoak eta teknologi aurrerakuntzak itsasoaren “birmoldaketarako” elementuak dira, hain zuzen ere. Baina itsasoa, produkzio-elementu soila al da? Euskal Herriko kasuan zerbait gehiago ere badela esan daiteke. Gure Herriko izaerak eta bizimoldeak zuzenean jaso du eragina itsasotik. Beraz, itsasoa, aldi berean, produkzio-elementua eta elementu bizia dela kontutan hartuz, teknologia berriekin batera arrantzale eta herri arrantzaleen interesek zeresanik izan behar dutela pentsatzea bidezkoa dela iruditzen zaigu.
Sarea biltzeko gurpilak. (Argazkia: I.X.I.).Esanak esan, BITEKek eman dituen aholkuak, aipatutako faktoreen arteko orekaren ildotik doaz. Hauexek dira:
- Arrantza-mota desberdinei buruz eta atunaren arrantzan duten eraginari buruz interes desberdinak dituztenen arteko ikerketa bateratuak egitea.
- Har daitekeen biomasa kalkulatzeko eredu analitikoen estudioak egitea; orain arte produkzio-ereduak bakarrik hartu bait dira kontutan.
- Teknika berrien aurrean, eta arraste pelagikoaren aurrean bereziki, atunaren portaera aztertzea. Hori itsas azpiari zuzenean behatuta egin daiteke.
- Aurreko azterketa hauek burutu arte, sare pelagikoak erabili gabe denboraldi bat igarotzea komeni da.
Bukatzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu BITEKeko partaide diren F. Tomas Larrinagari eta Jose Mª Francori emandako informazio guztiagatik.
Trasmailu pelagikoaren ezaugarriak eta itsasoan duen itxura.Bizkaiko Golkoan atun zuria harrapatzeko Frantziako eta Espainiako flotaren eboluzioa.
EUSKO JAURLARITZAREN ERITZIA Arrasteko sare pelagikoen arazo honetan zeresana duten guztien eritzia bildu nahi izan dugu eta horrexegatik Eusko Jaurlaritzako Arrantza-Zuzendari den Migel Muruaga-rengana jo dugu. Jaurlaritzak arazo honetan duen jarrera zein den galdetu diogunean, zera erantzun digu: Beita bizia erabiltzen duten arrantzaleen jarrera berdina dugu. Arrantza-mota honi buruz arrazoizko azterketa-denbora ezarri behar da puntu nagusi bat aztertzeko: bi arrantza-mota hauek, beita biziak eta sare pelagikoak alegia, duten bateragarritasuna. Esan nahi bait da, ea zona berean eta arrain-saldo berean eraginez batera erabil daitezkeen. Azterketa honetan bi alderdietako teknikariek hartu beharko lukete parte. Bien bitartean, arrantza pelagikorako itsasuntzien prestaketan etena egin beharko litzateke. Gainera, Migel Muruagaren eritziz, itsasoan zein lehorrean gertatu diren istiluen kausaz, benetako arazoaren muina (arrantza-moten bateragarritasuna ala bateraezintasuna hain zuzen ere) desitxuratu egin da eta stocken iraupen-arazo moduan oker planteatu da. Eusko Jaurlaritzak arazo honen konponbiderako eman dituen urratsez galdetu diogunean, Estatutuak markatzen dituen mugen barnean aritu dela lanean esan digu. Gainera, istilua gure uretatik kanpo gertatzen ari dela hartu behar dugu kontutan. Brusselara jo dugu eta Arrantzale-Kofradien buruekin batera Mr Pirson EEEko Baliabide Zuzenetarako zuzendariari gure eritzia zein den azaldu genion 1988.eko maiatzaren 25ean. Bestalde, Brussela baloiak kanpora botatzen ari da istilu honetan eta nahiz eta Madril gure jarrerarekin ados egon, beste interes batzuen trukearen ondorioz alde batera utzi du tunidoen arrantza pelagikoaren arazoa. |
IPARRALDEKO HOTSA Egun euritsu eta haizetsuan, itsasora atera ezin den horietako egun batean, izenik eman ez zigun Donibane Lohizuneko arrantzale batekin solasaldi bat eduki genuen. Hauxe esan zigun: Itsasoa guztiona da. Euskal Herriko itsas ertzean gu, euskaldunok, izan ginen gure itsas bazter hau landu genuen lehenak. Gure historiaren zati handi bat itsasoan egin dugu. Ondarroa, Pasaia, Hondarribia, Donibane Lohizune, etab., itsasotik eta itsasorako bizi izan diren herriak ditugu. Egunero itsasoari zatitxo bat kenduz arrantzaleek beren bizitza aurrera atera dute. Itsasoaren eta lehorraren artean oreka egon dela esan daiteke. Azken hamar urteotan, ordea, interes berriak sortu dira arrantzaren munduan. Sare pelagikoak, zaldi askoko arrantzuntziak, tamaina txikiko arrainak harrapatzea, etab., arrantzaren munduan gertatu den interes-aldaketaren erakusgarri dira. Hemen lanean aritzen diren baxurako arrantzuntziek, hegoaldekoen arrantzaera berdina dute. Beraz, gure artean ez dugu gatazkarik. Sare pelagikoak, bolantak eta arte berri hauek Rochelle-ko, Nantes-eko eta beste itsas portuko arrasteroek ekarri dituzte. Donibane Lohizunen, orain dela bost urte, istilu latzak izan ziren arrastero hauen eta bertako arrantzuntzien artean. Istilu haien ondorioz, familia asko apurtu eta etsai handiak sortu ziren. Atzerriko flota honek Hendaiara jo zuen eta bertan instalatu zen. Denbora igaro ahala, gero eta onartuagoak izan dira, jendeak “negozio ona” dela ikusi duenean. Hala ere, guretzat, negozio on horiek “ogia gaur, gosea bihar” besterik ez direla uste dugu. Bestalde, teknika berrien kontra joatea begiak ixtea dela pentsatzen dugu. Beraz, ez goaz sare pelagiko eta antzeko arte hauen kontra, baina guzti hau ikerketa teknikoen bidez egituratu beharko litzatekeela uste dugu. Ondorio gisa zera esango nuke: borroka hau ez dela Espainiako eta Frantziako arrantzaleen artekoa. Are gehiago, Euskal Herriko arrantzaleen interesen artean ez dago kontraesanik. Borroka negozio-enpresen artekoa da, eta horretan bai Espainiakoak, bai Frantziakoak eta baita Euskal Herrikoak ere sartuta daude. |
ANJEL URESBERUETA 1986. urtean, frantsesak sare pelagiko eta bolantekin arrantzan hasi zirenean, sortu zen arazoa. Beraien ohizko flota desagertuz joan denez, geratu zaizkien arrasteroei ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen dira. Uda partean legatza eta antzeko arrainak gutxiago harrapatzen direnez, atuna oso ondo datorkie atsedenaldi honetan. Izan ere, atunaren arrantza librea da, hau da, ez dago kuporik. Beraz, nahi duenak nahi duen arrain-kantitatea har dezake. Azken hogeitamar urteotan atunaren arrantza maila batzuen barnean egin da. Arrantza eta stockaren artean ia oreka lortu dela esan daiteke. Orain, bapatean, arrantzaren presioa handiagotzen bada (eta neurriz kanpo gainera) ez da zaila zer gerta litekeen pentsatzea. Bestalde, arrantza-mota hauekin badirudi arraina izutu egiten dela. Beraz, eskatzen duguna guzti honi buruz ikerketa serioa egitea da eta bitartean ohizko arrantza-bitartekoak bakarrik erabiltzea. Gure aldetik zenbait urrats eman dugu. Espainiar administrazioarekin harremanak izan ditugu eta Europako Parlamentuan ere bi alditan izan gara. Gestio guzti hauetatik zerbait ateratzea espero badugu ere, aurtengo urtea galdua dugu. |
EZAUGARRIEN BILDUMA
- Sare pelagikoen emankortasuna (gauekoa bereziki) frogatua dago.
- Arrantzarako ohizko bitartekoek, kasu berezietan izan ezik, berriek baino emankortasun handiagoa dute egunean zehar. Aldiz, gauean emankortasun nulua dute.
- Ohizko bitartekoek nahiz berriek, adin bereko espezieei eragiten die.
- Bitarteko berriak zaharrekin batera erabiltzen dira, etekina handituz (batzuk gauez eta besteak egunez).
- Bitarteko berrien erabilpena hedatzen bada, urte gutxi batzuen buruan gaur harrapatzen denaren bikoitza harrapatuko da.
- Teknologia berriek erraztu egiten dute arrain-sarden detekzioa.
- Atun zuriaren stocka oso maila arriskugarrian egon daiteke urte gutxi batzuk barru.
- Arrantzarako bitarteko guztiak elkarlanean aritzeak, arazo fisiko serioak sor ditzake arrantzaleen artean. Izan ere atuna migrazio-arraina bait da eta kontzentrazio handiak oso espazio txikitan egoten bait dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia