}

Arrakasta gozoa mingostasunaren bilaketan

2001/04/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kinaren zuhaitzetik (Chinchona sp.) ateratzen den kinina, tonikari zapore mingotsa emateko izateaz gain, malariaren aurkako borrokan ezinbesteko sendagaia da toki askotan. Horregatik, kinina sintetikoa lortzea aspaldiko ametsa izan da ikertzaileentzat. Hain zuzen ere, XIX. mendearen erdialdetik saiakera ugari egin dira garai hartan malariaren aurkako sendagai bakarra zelako, baina zuhaitzaren azaletik kinina ateratzea oso garestia zen.

1944an, Estatu Batuetako Robert Woodward eta William Doering kimikariek kinina sintetizatzea ia lortu zuten arren, ez ziren molekularen itxura kontrolatzeko gai eta kininaren hainbat aldaeraren nahastea lortzen zuten. Kininaren molekularen atomoek ezker- edo eskuin-konfigurazioa izan dezakete eta bi aldaera horien arteko konbinaketa zuzena aurkitzea da kinina sintetizatzea zailtzen duena.

Malariaren parasitoa zelulen barruan.

Orain, Nature aldizkariko web gunean argitaratutakoaren arabera, Columbia Unibertsitateko ikertzaileek kinina sintetikoa lortu dute. Hala ere, gaur egun emaitza horren garrantzia ez da garai batean izan zezakeenaren adinakoa, 40ko hamarkadatik aurrera, beste sendagai batzuk azaldu baitziren, esate baterako, klorokinina. Gainera, kininak ez du malaria sendatzen, bere eragina Plasmodium falcifarum malariaren parasitoaren hazkundea gelditzea da.

Dena dela, 1960tik P. falcifarum parasitoak klorokininarekiko erresistentzia azaldu du leku batzuetan eta han, berriro ere, kinina erabiltzen hasi ziren. Ondorioz, kinina sintetikoa lortzea aldagai eraginkorragoak egiteko lehenengo urratsa izan daiteke. Beraz, badirudi malariaren aurkako borrokan aurrerapausoak izango ditugula.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia