Arrainek batuketak eta kenketak egin ditzakete

2022/03/31 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Ursula Di Chito / Pixabay

Arrainek batuketak eta kenketak egiteko gaitasuna dutela frogatu dute, Scientific Reports aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean. Hala, erakutsi dute arrainek ere beste ornodun eta ornogabe batzuen pareko gaitasunak dituztela.

Ziklido batekin (Pseudotropheus zebra) eta arraia batekin (Potamotrygon motoro) egin dituzte esperimentuak. Espezie bakoitzeko zortzi arrain entrenatu dituzte, kolore urdina bat gehitzearen sinbolo gisa har zezaten, eta horia bat kentzearen sinbolo gisa. Arrainei irudi urdinak edo horiak zituzten kartak erakusten zizkieten, eta irudi-kopuru desberdinak zituzten bi ate jartzen zizkieten; bietako bat zen erantzun zuzena. Adibidez, hiru irudi edo forma urdin zituen karta bat erakusten bazitzaien, bat gehitu behar zuten, eta lau irudi zituen atea aukeratzea zen erantzun zuzena. Ate zuzena aukeratzen zutenean, saritu egiten zituzten.

Sei ziklidok eta lau arraiak ikasi zuten batuketa eta kenketa horiek ongi egiten; ziklidoek 28 saiotan, eta arraiek 68tan, batez beste. Ziklidoek azkarrago ikasi zuten arren, arraiek gehiagotan asmatzen zuten erantzun zuzena; batuketetan, esaterako, ziklidoek % 78an asmatzen zuten, eta arraiek % 94ean. Guztiek errazago ikasi zuten batuketak egiten, kenketak baino. Kenketen kasuan ziklidoek % 69an asmatzen zuten,  eta arraiek % 89an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia