}

Arnas berria diabetikoentzat

2001/02/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Otsailaren 3an, The Lancet aldizkarian, 1 motako diabetea duten gaixoentzat ikerketa itxaropentsu bat argitaratu zen. Odoleko glukosa-maila kontrolatzeko ohiko tratamenduan, gaixo horiek egunero bi edo hiru intsulina-injekzio hartu behar dituzte. Lan berri horren arabera, aldiz, beharrezkoa duten intsulina-dosia arnasketa bidez har lezakete.

1 motako edo gaztaroko diabetea duen gaixoaren areak ez du ongi funtzionatzen eta ez dira intsulina ekoizteko gai, beraz, intsulina jasotzea ezinbestekoa dute odoleko glukosa-maila gehiegi igotzea nahi ez badute. Eguneroko intsulina-dosiak kalkulatzean jaten dena, ariketa fisikoa eta lan-mota kontuan hartu behar dira, eta horrek morrontza izugarria dakarkio gaixoari.

Miamiko Unibertsitateko Jay Skyler eta bere taldekoek 1 motako diabetea duten 73 gaixo ikertu dituzte. Gaixo horiek bi taldetan banatu zituzten. Kontrol-taldekoek ohiko tratamendua jarraitzen zuten eta gainerakoek intsulina-injekzio bakarra hartzen zuten oheratzean. Horretaz gain, azken hauek egunean zehar jatorduen aurretik hartu beharreko dosia arnasketa bidez barneratzen zuten.

Gaixo guztiei egunean lau aldiz neurtzen zitzaien odoleko glukosa-maila. Hamabi asteren buruan, glikosilatutako hemoglobinaren (HbA1c) neurketaren emaitzak berdinak izan ziren bi taldeetan. Test hori ohikoa da diabetearen kontrolean eta egokiena da ikerketak iraun zuen hiru hilabeteetako emaitzen balioa neurtzeko.

Horretaz gain, beste hainbat alderditan ere ez zuten ezberdintasun handirik antzeman, hala nola, hipogluzemia-kasuen maiztasun eta larritasunean, jatordu eta jan ondorengo odoleko glukosa-mailan eta biriken funtzionamenduan. Teknika dagoeneko garatua dago, ikusmin handia sortu du eta gaixo gehiagorekin probatzea besterik ez da falta guztien eskura jartzeko.

2 motako diabetearentzat ere egokia

Gainera, orain dela egun gutxi, Annals of Internal Medicine medikuntza-aldizkarian beste lan bat argitaratu da gai honen inguruan. Bertan, diabetikoei arnasketa bidez hartutako intsulinaren mesedeak azaltzen dira, baina aurrekoan ez bezala, oraingo honetan gaixoak 2 motako diabetea zuten, hau da, diabete mota ohikoena.

2 motako diabetea adinekoengan azaltzen da eta horien area intsulina ekoizteko gai bada ere, gorputzak ez du behar bezala erabiltzen. Hainbat kasutan nahikoa dute dieta egokia jarraitzea odoleko glukosa-maila erregulatzeko. Beste batzuk, aldiz, 1 motako diabetea dutenen antzera intsulina-injekzioak hartu behar izaten dituzte, eta horiekin egin zen azterketa. Arnasketa bidez hartutako intsulinaren eragina 26 gaixoengan ikertu zuten. Erabilitako metodoa Jay Skylerren taldearenaren antzekoa zen, baita lortutako emaitzak ere, hiru hilabetez tratamenduan egon ondoren glukosa-maila egokia baizuten.

Ikertutako beste aukerak

Larruzalpeko injekzioak XX. mendeko 20ko hamarkadatik erabiltzen dira diabetearen tratamenduan. Geroztik sarritan aldatu dute intsulinaren formulazioa, eta injekzioak ekiditeko metodoak asmatzen ere saiakera asko egin diren arren, ez dute oraingoaren pareko arrakastarik lortu. Adibidez, ahotik hartutako intsulina digestio-entzimen eraginez peptidoetan zatitzen da, eraginkortasuna galduz.

Horretaz gain, intsulina hartzeko ikertu izan diren beste bide batzuk hauek dira: sudurretik arnastuta eta larruazaletik igarota. Alabaina, intsulina-molekulak nahiko handiak direnez bide horiek erabiltzea eragozten du. Hori posible izan zedin lagungarri bat erabili beharko litzateke, baina horrek osasun-arazoak sortzen ditu.

Birika-albeoloek, ordea, iragazkortasun handia dute eta azken ikerketa horien arabera, ez da arnasketa edo biriketako arazorik azaldu. Gaixo guztietan espirometria, biriken-bolumena, oxigeno-asetzea eta beste hainbat neurketa egin zituzten, arnasketa-funtzioan kalterik ez zela eragiten frogatzeko.

Ikerketa hauek oraindik berriak badira ere, emaitzak diabetikoengan itxaropena pizteko modukoak dira, aerosol baten bitartez intsulina-dosiak hartzeak eguneroko bizitza asko erraztuko bailieke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia