}

Ariketa fisikoak alzheimerraren garapena moteltzen du, baita arrisku genetikoa dutenetan ere

2023/05/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ariketa-fisikoak-alzheimerraren-garapena-moteltzen
Zahartzea atzeratzeko era askotako estrategiak egon daitezke. Adibidez, frogatuta dago ariketa fisikoa onuragarria dela. Arg. ©DollarPhotoClub/bilderstoeckchen

Alzheimerra izateko arriskuarekin lotzen den proteina baten (ApoE4) eta ariketa fisikoaren arteko erlazioa aztertzen duten ikerketetan oinarrituta, ondorioztatu dute ariketa fisikoak eragin babeslea duela; zehazki, sintomen agerpena atzeratzen du arrisku genetikoa duten pertsonetan.

Alzheimer Research & Therapy aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Ikertzaileen arabera, frogatuta dago ariketa fisikoa lagungarria dela hainbat gaixotasun prebenitzeko edo haien garapena moteltzeko, tartean, alzheimerra. Ez zegoen garbi, ordea, arrisku genetikoa zuten pertsonetan ere eragin hori ote zuen. Hori argitzeko, egindako ikerketen azterketa zabal bat egin dute, eta eredu teoriko batean integratu dituzte.

Zehazki, aztertu dute ariketa fisikoak eta ApoE4 geneak zer eragin duten, bakoitzak bere aldetik eta elkarrekin, alzheimerraren patologiarekin zerikusia dute mekanismo molekularretan, hala nola proteina amiloideen eta tauen metaketan, erresilentzia neuronalean eta neurogenesian, funtzio lipidikoan eta asaldura zerebrobaskularretan, garuneko erantzun immunologikoan, glukosaren metabolismoan…

Faktore eta emaitza horiek guztiak konbinatuta, ondorioztatu dute ariketa fisikoak persona guztietan duela eragin onuragarria, arriskua genetikoa izan zein ez. Iradoki dute litekeena dela mekanismo babeslea desberdina izatea batzuetan eta besteetan; nolanahi ere, haien ustez, ariketa fisikoa tratamenduan kontuan hartzea komeniko litzateke. Horrez gain, aurrera begira ikertzea komeni den zenbait alderdi esanguratsu ere identifikatu dituzte.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia