}

Ardoa garagardoa baino osasuntsuagoa?

2008/05/25 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ardoak, eta batez ere ardo beltzak, garagardoak baino ospe hobea du osasunaren ikuspuntutik. Badirudi, ordea, “ardoa ona da eta garagardoa txarra da” bezalako esaldi errazek ez dutela oinarririk. Izan ere, ardoa garagardoa baino osasuntsuagoa den ustea zalantzan ipini dute azken ikerketek. Horrek ez du esan nahi ardoari aitortzen zaizkion onurak benetakoak ez direnik. Aitzitik, garagardoak ere baditu onurak. Horietako batzuk ardoan ere agertzen dira, baina, horiez gain, beste batzuk ere baditu garagardoak. Gainera, onurak ez dituzte ardoak eta garagardoak bakarrik, baita hartzitutako beste edari guztiek ere (sagardoak esaterako).
Ardoa garagardoa baino osasuntsuagoa den ustea zalantzan ipini dute azken ikerketek

Austriako Medikuntza Unibertsitatean lortu dute lehen froga bat. Bazekiten teak eta ardoak dituzten konposatuek odoleko hantura gutxitu dezaketela. Garagardoak ere eragin bera ote duen ikusteko, ikerketa egin dute, eta, hala, garagardoak ere teak eta ardoak duten eragin berbera duela frogatu dute. Esperimentu bera alkoholdun eta alkoholik gabeko garagardoarekin egin dute, eta bi kasuetan aurkitu dituzte onurak.

Horrez gain, kirola egin ostean garagardoa indarberritzeko lagungarri dela erakutsi du Granadako Medikuntza Unibertsitatearen beste ikerketa batek. Garagardoak dituen karbohidrato, mineral eta bitaminek glukosa-maila eta immunologia-sistema orekatzen laguntzen dute. Eta giharretako mina gutxitzea ere eragin dezake garagardoak!

Ardoa eta garagardoa neurri txikian edatea osasuntsua izan liteke

Gakoa, erosketaren poltsa

Orduan, zergatik goraipatzen dira ardoaren ezaugarriak eta ez garagardoarenak? Edaleen ohituretan egon liteke erantzuna. Danimarkan, ardo-eta garagardo-erosleen jateko ohiturak aztertu dituzte. Horretarako, erosketaren poltsa ireki diete. Alde batetik, ardoa erosten dutenek zer gehiago erosten duten jaso dute. Eta, bestetik, noski, garagardoa erosten dutenek zein beste elikagai erosten duten.

Ardoa erosten dutenen dieta garagardoa erosten dutenena baino dieta osasuntsuago dela erakutsi du ikerketaren emaitzak. Ardoa erosten dutenen poltsan barazkiak eta frutak ageri dira. Garagardozaleenean, prestatutako jakiak. Ardozaleenean behi-haragia, hegaztiak, arraina eta oliba-olioa; bestean, aldiz, txerri-haragia, frijitzeko patatak eta saltsak.

Beraz, ardoa edaten duten pertsonak garagardoa edaten dutenak baino osasuntsuago daudela dioten teoriak ez dira zalantzan jartzen, baina garagardoa errugabea dela frogatu dute. Azalpena ez dago ardoan. Ezta garagardoaren ere. Ardo- eta garagardo-edaleek dituzten gainerako ohiturak dira arrazoia. Oso antzeko ikerketa bat egin dute Amerikako Estatu Batuetan, eta emaitza eta ondorio paretsuak atera dituzte.

Ardoa erosten dutenen dieta garagardoa erosten dutenena baino dieta osasuntsuago da. (Argazkia: D. Cassady )

Bizi-kalitatearen eragina

Nolanahi ere, ez da dieta kontua-bakarrik; bada eragina duen beste faktore bat. Ikerketa egin den herrialdean bertan, Danimarkan, ikusi dute ardoa erosten dutenen profila eta garagardoa erosten dutenena ezberdina dela. Ardoa erosten dutenek ikasketa-maila altuagoa dute, diru-sarrera handiagoak eta osasun psikologiko hobea, garagardoa erosten dutenekin alderatuz. Beraz, ahalmen ekonomikoak edo bizi-kalitateak ere eragiten du erosketaren poltsan, eta, hortaz, osasunean.

Edozein modutara, galdera hor dago: ardoa eta garagardoa edatea osasuntsua da? Bada, graduazio txikiko edariak eta neurri txikian edanez gero, izan litezke. Baina, kontuz! Neurri txikian. Hau da, nahikoa da basokada bat egunean. Azken finean, alkoholdun edariek alkohola dute, eta egin dezaketen kaltea onurak baino askoz handiagoa da.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia