Aral Itsasoa desagertzear
2003/09/07 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Aral Itsasoa Asian dago, Uzbekistan eta Kazakhstan artean. Aral izenak uhartea esan nahi du eta, zoritxarrez, gaur egun, Aral Itsasoak basamortuaren erdian dagoen uhartea dirudi. 1960. urtetik hona, 13 metro jaitsi da uraren maila; hasieran zuen ur guztiaren hiru laurden galdu ditu. Bere azalera ere erdira jaitsi da eta 40.000 km koadro gatz-lur utzi ditu agerian; Lurreko basamorturik gazteena sortu da, alegia. Basamortu berriak dagoeneko badu izena: Aralkum.
Itxuraz ere asko aldatu da Aral Itsasoa. Garai bateko aintzira handia bitan banatu da: aintzira nagusia hegoaldean gelditu da eta aintzira txiki sakonago bat dago iparraldean. Antza denez, iparraldeko aintzira txikiak ez omen du berehalakoan desagertzeko arriskurik, baina hegoaldean gauzak oso bestela daude. Hegoaldeko aintziraren urak ez du sakonera handirik eta, beraz, 2020rako lurrunduko dela uste dute ikertzaileek. Ez ote dago salbaziorik Aral Itsasoarentzat?
Kotoia eta arroza egarri
Aral Itsasoan bizi ziren 20 arrain-espezie baino gehiago desagertu dira aintziraren gainbehera hasi zenetik.Aral Itsasoa bi ibaik ureztatzen zuten, Amu Darya eta Syr Darya ibaiek, hain zuzen ere. Amu Darya ibaia Alexandro Handiaren garaitik da ezaguna eta Asia Erdialdeko ibairik handiena izan zen, Nilo ibaia baino zabalagoa. Bere urek hegoaldetik ureztatzen zuten Aral Itsasoa, baina orain ez diote tanta bakar bat ere ematen.
1960ko hamarkadaz geroztik, Amu Daryaren urak eskualdeko kotoi- eta arroz-sailak ureztatzeko erabiltzen hasi ziren. Ondorioz, ibaiaren beraren eta Aral Itsasoaren gainbehera hasi zen. 1980ko hamarkadarako, Amu Daryak ez zion ia urik ematen Aral Itsasoari.
Ibai hori zen Aral Itsasoaren ur-emari nagusia eta, hura etetean, aintziraren gatz-kontzentrazioa ikaragarri handitu zen. Egun, aintziraren gatz-kontzentrazioa itsaso zabalean dagoena baino hiru aldiz handiagoa da eta, ondorioz, bertan bizi ziren 20 arrain-espezie baino gehiago desagertu egin dira.
Aralkum desertuaren eragina
Pamir mendietako glaziarrak urtzen ari dira eta, urruti egon arren, eragileetako bat Aralkum desertuko hondar eta gatzezko ekaitzak direla uste dute; gatzak izotza urtzen du.Basabizitza babesten zuten habitatak ere desagertuz joan dira eta aintziraren gainbeherak kliman ere eragin nabarmena izan du; negu hotzagoak eta udara beroagoak egiten ditu. Gainera, Aralkum desertuan hondar eta gatzezko ekaitz bortitzak sortzen dira urtero, 150.000 tona gatz eta hondar mugitzen dituztenak. Ekaitz horiek hainbat kilometrotan garraiatzen dute desertuko zaparrada. Hain zuzen ere, urruti dauden bazka-belardien lehorteetan eta Afganistanen mugan dauden Pamir mendietako glaziarrak urtzean eragina dutela uste da.
Zientzialarien esanean, hondarrezko ekaitz horiek eskualdeko biztanleen osasunean ere eragin kaltegarria dute. Izan ere, ekaitzek bidean aurkitzen dituzten pestiziden hondakinekin elkartu eta osasunarentzat kaltegarri diren substantziak kilometrotan zabaltzen dituzte. Fenomeno hori biztanleen arnas gaixotasunekin eta zenbait minbizi-motarekin erlazionatu da.
Biztanleak, kaltetu nagusiak
Aral Itsasoaren ertzean bizi ziren arrantzaleek autoetan eramaten dituzte orain txalupak.Dudarik gabe, bertako biztanleak izan dira lehortearen ondorioak jasan dituzten lehenengoetakoak. Adibide garbia izan da Muynak herrian gertatutakoa. Muynak Aral Itsasoaren ertzean kokatutako herria da, arrantzale-herria. Orain, herria itsasertzetik 150 km-ra dago eta bertan lan egiten zuten ia 2.000 arrantzaleek lanpostua galdu dute. Arrantza bizimodutzat zutenek duela hogei urte utzi behar izan zuten beren lana eta, arrantzan jarraitzen dutenek autoak hartu eta itsasertzaren bila abiatu behar izaten dute egunero.
Bizibidea galtzea gutxi balitz, gaixotasunak ere areagotu egin dira, horien artean tuberkulosia batez ere. 2001etik 2002ra tuberkulosi-kasuak % 70 hazi dira Muynak herrian. Izan ere, ez dute janari freskorik, ezta ur garbirik ere, klima gogortu egin da eta, ondorioz, gaixotasunen aurrean ahulago hazten dira.
Salba dezagun txikiena
Iaz Aral Itsasoari ateratako satelite-argazkia.Egoeraren larria ikusita ere, Aral Itsasoa osorik salbatzea ezinezkoa dela uste dute zientzialariek. Horretarako Siberiako ibaiak bertara desbideratzea pentsatu bazen ere, hori ez da posible izango. Bestalde, bertako ekonomiak kotoiarekiko mendekotasun handia du eta lurren ureztatzea erabat gelditzea ezinezkotzat jotzen dute.
Oraingoz, aukera bideragarriena Aral Itsasoaren iparraldeko aintzira txikia salbatzea dela erabaki dute. Hura babesteko hainbat hesi eta pareta eraiki dituzte, bertako ura ez dadin aintzira handira pasa eta uraren gatz-kontzentrazioa neurri egokietan manten dadin. Hala ere, emaitzak ez dira batere onak izan.
Bi aintzirak lotzen dituen ur-bidea laster berez lehortuko dela uste dute orain zientzialariek eta, horrela, iparraldeko Aral txikia bere kabuz salbatuko dela pentsatzen dute.
Bitartean, Aralkum basamortuaren arroa ikertzen hasi dira, bertan haz daitezkeen landareak aztertzeko. Landareek aintziraren lurra finkatzen lagunduko dute eta, bide batez, hondar eta gatzezko ekaitzak saihestuko dira. Hori, noski, ez da arazo guztien konponbidea izango, baina lagunduko du.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia