}

Antoni Gaudí

2002/07/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bartzelonara osteratxoa egin eta Gaudíren obrak bisitatzea ez da uda honetarako plan txarra. Orain 150 urte jaio zen jenio, paregabe, iraultzaile, arraro, ulertezin... modu askotara izendatu den arkitekto katalana, eta makina bat ospakizun egiten ari da haren omenez.
Besteak beste, aurten ireki zaizkio lehenengoz publikoari Batlló etxearen ateak. Ikusgarriak eta ezinezkoak dira Gaudíren formak, legerik beteko ez balute bezalakoak, baina ez dira magikoak, matematika zorrotza gordetzen baitute sustraietan.
Z. HOYOS

Ezohiko formak eta ezohiko apaingarriak erabili zituen Gaudík. Ezohikoak bere garaian eta orain ere bai. Natura, erlijioa, mediterraneoa eta Katalunia oinarrizko erreferentzia izan ziren haren lanean, eta, hain juxtu, Bartzelonan egin zituen gehienak.

Garai nahasiak izan ziren haiek Bartzelonan. Langile-klase ekintzailea eta burgesia berri eta aberatsa aurrez aurre bizi ziren hiri moderno bilakatu nahi zuen Bartzelonan; hirigintza proiektu handiak egin ziren. Modernismoaren garaia izan zen, ideia berriak, teknika berriak eta forma berriak probatzeko garaia.

Hala ere, Gaudíren obra ezin da estilo edo eskola jakin batean sailkatu, modernismoaren garaikoa izan eta harekin lotuta egon arren, inork baino urrunago eraman baitzituen esperimentazioaren mugak.

Naturaren lapurra

A. Aristizabal

Gaudíren edozein obra ikusi bezain laster, natura da bururatzen den lehen erreferentzia. Eta ez bakarrik animalia eta landareen irudiak apaingarri gisa bazter guztietan erabili zituelako, formek eta formen mugimenduek natura gogorarazten dutelako ere bai. Izan ere, Gaudík naturari lapurtu zizkion bere eraikinetako ideia gehienak. Naturaren formak, sinboloak, koloreak eta geometria kopiatu zituen, eta bolumen zein egitura naturalak arkitekturan txertatu zituen: hiperboloideak, konoideak, helikoideak eta paraboloide hiperbolikoak erabili zituen. Forma horiek zuzenki bidez osatutako elementu geometrikoak dira eta espazioan forma abailduak ematen dituzte, hau da, makurrak.

Forma horiek Descartes-ek XVII. mendean sortutako geometria analitikotik abiatuta aztertu eta determinatu ziren, eta Gaspar Monge-k garatutako geometria deskribatzailearen bidez irudikatu. Azterketa haietatik aipatutako formen hainbat propietate ondorioztatu ahal izan ziren, hain juxtu, mekanikaren arloan aplika daitezkeenak. Gaudík Arkitektura Eskolan landu zituen ikasgai horiek, baina bere inspirazio-iturria ez zen zientzia izan, natura baizik.

A. Aristizabal

Gainazal horiek maiz ikusten dira naturan, zuhaitzetan, animalien hezurduran edo mendien forman, esaterako, eta naturak elementu hertsiki funtzionalak sortzen dituela kontuan hartuz, Gaudík uste zuen forma horiek arkitekturan ere aplika zitezkeela. Izan ere, naturan baldin bazeuden grabitatearen legeei jarraitzen zietelako zen. Horrela, arkitektoen ohiko bideetatik urrundu egin zen; eskuaira eta erregelaz erraz marrazten diren, baina naturan gutxitan aurkitzen diren, lerro, plano eta solido erregularren geometria klasikoaren bidetik aldendu egin zen.

A. Aristizabal

Planoak marrazteari ere utzi zion ia, –bere lanen oso plano gutxi daude gordeta– eta bere eraikinak maketak eta igeltsu, buztin edo zurezko ereduak erabiliz diseinatu zituen. Adibidez, Güell Koloniako elizaren egitura zehazteko, maketa estereofunikularra erabili zuen. Elizako oinplanoa poligonala da eta aldarea inguratzen duten zutabeek zama-lerroen makurdurari segitzen diote. Forma eta makurdura zehatzek nolakoak behar zuten kalkulatzeko, elizaren oinplanoa sabaitik zintzilikatzen zuen. Muturretan hariak lotzen zituen eta harietatik draiaz betetako zakutxoak zintzilikatu. Zakutxoen pisua ganga eta arkuek eutsi beharreko zamarekiko proportzionala zenez, elizaren eskeletoaren forma irudikatzea lortzen zuen irudiaren argazkiari buelta emanez.

Güell koloniako elizaren arkupeak paraboloide hiperboliko formarekin egin zituen (pentsa suge baten higiduran) 1910ean, eta hura izan zen arkitekturaren historian halako formak erabili ziren lehen aldia. Funtzionalak, erresistenteak eta ikusteko oso ederrak suertatu ziren. Elizako paretak ere forma berekoak dira.

Zoritxarrez, proiektuaren konplexutasunak lanak atzeratu zituen eta Güell kondearen negozioek porrot egin zutenean bertan behera geratu ziren. Elizako kripta baino ez zen osorik eraiki.

Egiturak apaingarri

E. Carton

Gaudíren ustez, egitura eta dekorazioaren artean ez zegoen desberdintasunik eta, egiturak, printzipio naturaletan oinarritzen bazen, apaingarri izan behar zuen. Gaudík lanen xehetasun guztiak kontrolatzen zituen eta berak diseinatu ohi zituen elementu apaingarri guztiak, baita txikienak ere, eskutokiak edo txirrinak kasu. Horrela, arkitektura eta dekorazioa uztartu zituen bere obretan. Koloretako zeramikak erabiltzen zituen nonahi, eta argi itzalekin maisutasunez jokatzen zuen.

Barne-egitura arrazionalistak eta bolumen organikoak erabiltzen zituen; Familia Santuak, esaterako, bizirik balego bezala zerura hedatzen dela dirudien arren, erabat simetrikoa du oinplanoa. Eta neurriz gaindi apaintzen zuen dena. Gaudíren apaingarriek, naturari, noski, baina historiari eta mitologiari ere erreferentzia ugari egiten zizkieten, eta horien esanahiei buruzko makina bat teoria dago.

Josep Maria Carandell idazlearen arabera, Familia Santuko Jaiotzaren Fatxadan zodiakoaren erdia dago irudikatuta, Aries-ekin hasi eta Virgo-raino. Cancer-en ikurra dago erdian, besteak baino handiagoa, hain juxtu, Gaudíri jaiotzaz tokatzen zaionarena. Gaudíren gurutzeak ere kristauak ez baizik masoiak direla aldarrikatzen du, bi beso ordez lau dituztelako. Idazle honek beste hainbat erreferentzia astrologiko topatu ditu Gaudíren obretan, Carandellen ustez haren kristau-fedea zalantzan jartzen dutenak.

Güell Koloniako elizaren egitura zehazteko erabilitako maketa estereofunikularra. Ezkerrekoa jatorrizko maketa da eta, buelta emanez, elizaren egitura ikusten da eskuinean.
Argazkiak: Gaudí Katedra

Izan ere, idazteko zaletasunik ez zuen gizona izaki, Gaudíren ideiez eta pentsamoldeaz gutxi jakin eta asko espekulatzen da. Batzuentzat erlijio-grina handiko gizona izan zen eta grina horren lekuko dira bere lanetako erlijio-kutsua (gurutzeekin hornitu zituen obra asko) eta, batez ere, Familia Santua. Hain juxtu, Gaudí santu bihurtzeko ahaleginetan dihardu elkarte batek, jainkoaren arkitektoa omen zelako.

Familia Santua Gaudíren obra handiena eta konplexuena izan zen. 40 urte baino gehiago eman zituen horretan lanean, 1883an hasi eta 1926an tranbia batek harrapatu eta hil zuen arte. Gaudíri zeharka iritsi zitzaion Familia Santua eraikitzeko enkargua; proiektua hasita zegoen, baina arkitektuaren eta sustatzailearen arteko desadostasunak zirela medio, Gaudík hartu zuen hura amaitzeko ardura. Proiektua goitik behera aldatu zuen, eta eliza Bartzelona modernistaren ikur bihurtu. Naturan eta Afrikaren iparraldeko arkitekturan oinarritutako dorreak irudikatu zituen eta ehundik gora landare-espezie eta beste hainbeste animalia-espezieren eskulturez hornitu zuen Jaiotzaren Fatxada. Pertsonen irudiak egiteko giza eskeletoekin lan egiten zuen, eta ospitaleak bisitatzen omen zituen jendearen sufrimendua ongi irudikatu ahal izateko.

Milá etxearen sabaitik ikusten den balkoia.
Z. Hoyos

Gaudí hil zenean tenpluaren dorre bakarra zegoen bukatuta, eta bere kolaboratzaile Domingo Sugrañes-ek beste hirurak eraiki eta 1933an amaitu zuen Jaiotzaren Fatxada. Geroztik, zati gehiago eraiki dira, polemikaz inguratuta, Gaudík obra nola osatu nahi zuen jakiterik ez baitago, plano edo irudi zehatzik ez baitzuen egin. Ondare ikusgarria utzi zuen, ez besterik.

Handikeria gutxiko bizitza

Antonio Gaudíren bizitzaren gorabeherak zehaztea ez da erraza; idazteko zaletasunik ez eta bitxi samarra izaki, ez dago bere ideia eta sinesmenei buruzko datu ziurrik. Bizitza osoan artikulu bakarra publikatu omen zuen, 1881. urtean; Gaudíri buruz jaso dena ezagutzen zutenek berari entzun eta idatzitakoa da. Bere jaioterria zein izan zen ere ez dago guztiz argi, ofizialki Reus-en jaio zela onartzen bada ere. 1852ko ekainaren 25ean jaio zen; aita galdaragilea zuen eta ama ere galdaragileen familiakoa zen. Bost anai-arrebako familia izan ziren, baina bera izan ezik, gazte hil ziren beste guztiak. Gaudí ez omen zen ikasle ona izan, ez batxilergoan ez eta Arkitektura Eskolan ere. 1869an abiatu zen Bartzelonara arkitektura-ikasketak egitera eta 1878an amaitu zituen. Tartean hiru urte egon zen armadan, zerbitzu militarra zela eta. Ikasketak ordaintzen laguntzeko delineatzaile-lanetan ere ibili zen.

Familia Santua Gaudíren obra handiena eta konplexuena izan zen. Gaudí hil zenean tenpluaren dorre bakarra zegoen bukatuta, eta haren kolaboratzaile Domingo Sugrañes-ek beste hirurak eraiki eta 1933an amaitu zuen jaiotzaren Fatxada. Gaur egun obrek aurrera jarraitzen dute.
Z. Hoyos

Ikasketak amaituta, Esteban Comellarentzat beira-arasa bat egiteko enkargua jaso zuen. Brontzea, egurra eta kristala nahasiz egin zuen, eta urte hartan bertan Parisen egin zen Erakusketa Unibertsalera eraman zuten. Han, Eusebio Güell kondeak ikusi eta txundituta geratu zen. Horrela hasi zen Gaudí eta Güell kondearen arteko harremana. Güell kondea Gaudíren mezenas nagusia eta lagun handia izan zen. Gaudík makina bat lan egin zituen Güell kondearentzat, besteak beste gaur egun hainbeste bisita jasotzen dituen Güell parkea. Gaudíren obra garrantzitsuenen zerrendaren erdia edo gizon harentzako lanek osatzen dute.

Gaudík bere obran murgilduta pasa zuen bizitza osoa, eta askok pertsona iluntzat hartzen dute. Oso umore txarrekoa omen zen, eta mistiko samarra ere bai bizitzako azken urteetan. Fede handiko gizona batzuentzat, masoia eta astrologian zaletua besteentzat, ezkertiarra, ateoa eta anarkista zela ere esan dute. Bere azken urtea Familia Santuan pasa zuen, bertara joan baitzen bizitzera. 1926an tranbia batek harrapatuta hil zen eta Familia Santuko kriptan lurperatu zuten.

Gaudíren egitura batzuk

Güell parkea (1900-1914)

A. Aristizabal

Gaur egun milaka turista jasotzen dituen parkea izan arren, lorategi-hiri bat egitea zen asmoa. Luxuzko bizitegien gunea izango zen, triangelu-formako 60 lursailez osatua. Lursail bakoitza 1.000-2.000 m 2 -koa zen eta, erosi ahal izateko, baldintza batzuk bete behar ziren: zuhaitzak mozteko debekua, azaleraren seirena baino ez eraikitzeko agindua eta asko jota 80 cm-ko hesia egiteko muga, besteak beste. Hiru sail baino ez ziren saldu, eta obra ez zen inoiz bukatu. Hala ere, Gaudíren forma eta ikono esanguratsuak biltzen dira gune horretan eta UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen 1984an. Argazkietan parkeko eserleku bihurria eta zeramikak ikus daitezke, baita azpiko pasealekua inguratzen duten espiral-itxurako zutabe inklinatuak ere.

Milá etxea (1906-1912)

A. Aristizabal

Gaudík beti erabili zuen arku paraboliko edo katenarioa, arku horrek duen forma kargatzen denean berez hartzen duena baita. Funtzioa automatikoki betetzen duenez, Gaudík onena zela uste zuen. Milá etxeko sabaian ere erabili zituen. Milá etxea 1906-1912 artean eraiki zuen, harridura eta eztabaidaren artean. Herritarrek Pedrera goitizena jarri zioten, eta udalarekin ere arazoak izan zituen, eraikinak ordenantzek utzi baino 4.000 m 3 gehiago zuela ikusi zutenean. Hasiera batean ganbarak eraisteko agindua eman bazen ere, azkenean eraikina monumentu artistiko izendatu zuten. 1984an UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen. Milá etxea Gaudíren obra urbano ikusgarrienetzat jotzen da, Batlló etxearekin batera. Milá etxean ez dago lerro zuzenik, deus ez da uniformea, ez kanpoan eta ez barruan. Paretak makurrak dira eta ez dago pareta sendogarririk, zutabeek eusten diote eraikin osoari. Koloreekin gutxi jokatu zuen, baina trukean teilatu izugarria eraiki zuen. Tximiniak eta aireztatze-elementu guztiek forma helikoidalak hartzen dituzte, fantasmak balira bezala, argazkietan ikus daitekeenez.

Batlló etxea (1904-1906)

E. Carton

Batlló etxea ez zuen Gaudík eraiki, berritu egin zuen. Barruko patioa zabaldu, beheko eta lehen solairuko aurrealdeak aldatu, teilatua hornitu eta barruko banaketa goitik behera aldatu zituen. Patioa zabaldu zuen argi naturala etxeko gela guztietara hel zedin eta zeramikazko pieza urdinekin estali zuen dena. Piezak argiagoak dira behera iritsi ahala, argi naturalarekin jokatuz, paretaren tonua uniformea izan dadin. Etxearen aurrealdean zutabeak ipini eta lehen solairuko leihoak zabaldu zituen. Leiho horiek direla eta, ‘aharrausien etxea’ deitzen zaio Batlló etxeari, baita ‘hezurren etxea’ ere, leihoetako zutabe finek hezurrekin duten antzekotasunagatik. Amaitzeko, balkoiak aldatu eta baranda berezi horiek ipini ziren. Eta teilatuan aurrealdearen simetria erabat puskatzen duten bi elementu gehitu zituen: terraza eta dorrea. Etxearen aurrealdea uhinak sortzeko moduan berritu zen, eta koloretako beira-zatiekin estali. Teilatuan koloretako lauza handiak ipini ziren, ezkata moduan, eta atzealdea, berriz, koloretako zeramika-zatiekin estali zen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia