}

Antibiotikoen paradoxa

1999/11/01 Arrese, Elixabete | Basaras, Miren - Mikrobiologiako Irakasle Titularra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antibiotikoak 1940ko hamarkadan sortu ziren eta geroztik behin eta berriro goraipatu dira duten ahalmen miragarria dela eta. Izan ere, ostalariaren zeluletan eragin lar kaltegarririk gabe, bakterioak suntsitzeko gai baitira. Ordutik hona, ordea, bakterioek ere ikasi dute eta erresistentzia garatu dute antibiotiko askoren kontra. Ondorioz, haien kontrola zailagoa da orain. Erresistentziaren handitze hori dela kausa, gaixotasun kutsakor batzuek, tuberkulosiak esate baterako, eragindako hilkortasuna handitu egin da lurralde industrializatuetan.

Antibiotikoekiko sentikortasunaren galera eta beraz erresistentzia agertzea bi arrazoiengatik izaten da. Alde batetik, erresistentzi geneak agertzen direlako eta, bestetik, antibiotikoen erabilera hedatu egin delako. Antibiotikoek, labur hitz eginda, bakterioen hezkuntza inhibitzen edo moteltzen dute, bakterioen barnean sartu eta bakterio berriak sortzeko prozesua moztu egiten dute.

Erresistentzi geneak

Antibiotikoekiko erresistentziak sortarazteko mekanismorik garrantzitsuena erresistentzi geneen agertzea da. Erresistentzi geneek proteinak sortzen dituzte eta azken hauek bakterioak babesten dituzte botikaren ekintzatik. Nola jokatzen dute gene hauek? Proteina edo molekula hauek botika degradatzeko edo eraldatzeko gai dira eta, ondorioz, inaktibo bilakarazten dute. Batzuetan antibiotikoaren sarbidea ezabatzen da edo, arruntagoa dena, antibiotikoa kanporatzeko bonbak sintetizatzen dira, antibiotikoak bere ekintza burutu baino lehen.

Nola lortzen dituzte bakterioek erresistentzi gene hauek? Egia esan, hainbat modutara lor ditzakete. Batzuetan, bakterioek beren aitzindarietatik zuzen-zuzenean hartzen dituzte gene hauek. Besteetan aldiz, mutazio genetikoak (bakterioen munduan oso arruntak direnak) izango dira erresistentzi genea sortzen dutenak edo jadanik dagoena hobetzeko gai direnak.

Non kokatzen dira gene horiek? Oso arrunta izaten da erresistentzi gene horiek plasmidoetan ezartzea, hau da, ADNaren eraztun txikietan. Bigarren aukera bakterioen kromosoman integratzea da. Horrela eginez gero, belaunaldiz belaunaldi garraiatuko litzateke erresistentzi genea. Bestalde, bakterioak, bere plasmidoa emanez, berak dituen erresistentzi ezaugarriak transferitu egin ditzake. Prozesu horri, teknikoki, konjugazioa deritzo. Bakterioa hiltzen denean, haren osagaiak ingurunera barreiatzen dira eta, horrela, beste bakterio batek askatu den genea beregana dezake. Prozesu horri transformazioa deritzo. Bestalde, birusak ere gai dira bakterio batetik genea kanporatzeko eta beste batean ezartzeko. Azken prozesu horri, transdukzioa deritzogu.

Antibiotikoen erabilera

Antibiotikoak gaizki erabili dira eta horixe da botikekiko erresistentzia handitu izanaren bigarren arrazoia. Antibiotikoen hedapena (eta gehiegizko erabilera) handitu egin da azken urteetan eta gaur egun, sarritan, antibiotikoen erabilerak ez dira guztiz medikoak. Nekazaritzan, esate baterako, antibiotikoak aerosol moduan erabiltzen dira zuhaitzek dituzten bakterio-infekzioak kontrolatzeko edo prebenitzeko. Emateko garaian, antibiotikoen dosi altuak bakterio guztiak hil ahal ditu, baina aldi berean antibiotikoen hondakinak bakterio erresistenteen hazkuntza susper dezake. Aerosol horiek, landare jangarrietara ailega daitezke eta kate trofikoaren azken mailaraino heldu, hots, gizakiaren barnean sartu eta bere digestio-traktua kolonizatu.

Abeltzaintzan ere antibiotikoen erabilera nabaria da. Azken egunetan egunkarietan irakurri ahal izan dugun moduan, kontsumitzen den txerri-haragian antibiotikoak detektatu izan dira. Botika horiek kantitate txikitan eta denbora luzean erabiliak dira (aste edo hiletan), infekzioak galarazteko eta abereen hazkuntza bizkortzeko. Baina horixe da biderik egokiena abere horien gorputzean bakterio erresistenteak sortu eta, ondoren, haien okela jaten duen gizakiari pasa daitezen.

Beste aldetik, gure gizartean askotan gaixoek ez dute antibiotikoaren tratamendu osoa bukatzen eta soberan geratzen den botika gorde egiten dute etorkizunean automedikatzeko edota bere senideei emateko. Horrelakoetan, normalean erabiltzen diren botika-dosiak behar baino txikiagoak dira. Dosi desegoki hori ez da gai infekzioaren eragilea guztiz ezabatzeko eta andui erresistenteagoak hazteko bidea zabalduko du.

Dudarik gabe, antibiotikoa bakterio-talde batera iristen denean, oso sentikorrak direnak suntsitzeko gai da. Baina hasieratik erresistenteak ziren bakterioak edo geroago erresistentzia garatzeko gai izan direnak (mutazio edo elkartruke genetikoaren ondorioz) bizirik manten daitezke. Beraz, hautespen-prozesua oso garbia da eta bakterio-talde bat antibiotikoaren aurrean jarriz gero, erresistenteenak besteak baztertzeko gauza izango dira.

Irtenbideak

Arazo horiek guztiek direla eta, irtenbideak asmatu egin behar dira erresistentzien kontrola izateko. Hasteko, abeltzain eta nekazariei laguntza eskaini behar zaie aukera merkeak eta erabilgarriak aurkitzeko, bai abereen hazkuntza suspertzeko baita fruituen babesa lortzeko ere. Adibidez, fruitu eta barazki gordinak garbi daitezke antibiotikoen hondakinak ezabatzeko eta bakterio erresistenteak kanporatzeko.

Beste aldetik, gaixoek modu egokian hartu beharko lukete tratamendua (bakterio patogeno edo kaltegarri guztiak suntsitzen direla bermatzeko). Era berean, hotzikarak edo beste birus batzuek eragindako infekzioak dituztenean, antibiotikorik ez lukete hartu beharko, antibiotikoek ez dutelako ezer egiten birusen kontra. Zauri txikiak daudenean, antibiotiko topikoak erabil daitezke, baina esku-krema erabiltzeko, esate baterako, komenigarria litzateke hauek eragile antibakterianoak ez izatea (gaur egun oso arruntak krema horietan).

Sendagileen aldetik, neurri batzuk hartu beharko lirateke antibiotikoen erabilerarengatik sorturiko erresistentziak gutxitzeko. Ahal den neurrian, patogenoa edo bakterio eragilea identifikatu beharko litzateke tratamendua hasi baino lehen; horrela, medikamentu espezifiko bat agin daiteke. Sendagileek antibiotiko-kantitate nahikoa eman beharko lukete infekzioa guztiz ezabatzeko, baina gizakiaren gorputzaren barnean dauden beste bakterio lagungarri batzuk hil gabe.

Laborategi farmazeutikoak arazo larri honi irtenbidea aurkitzeko botika berriak merkaturatzen ari dira. Baina botika horien garapena oso astiro doa.

Erresistentziaren arazoaren konponbidea, beraz, antibiotikoen erabilera egokian datza, beti ere gai izan daitezen bakterio sentikorrak suntsitzeko. Arazo larri hori gaur egun zabaldu egin da birus, onddo eta bizkarroiak tratatzeko erabiltzen diren botiketara (adibidez, giza inmunoeskasiaren birusaren erresistentzia AZT izeneko botikarekiko).

Duela bi urte, kaleratu zen liburu batean (The Plague Tales) azaro larri bat azaldu zen: XIV. mendeko gaixotasun bat, izurri beltza delakoa, XXI. mendean birsortuz gero, mende honetan antibiotikoek eraginkortasun guztia galdu dutenean, zer gertatutako litzateke? Auskalo! (Zorionez, liburua zientzi fikziozkoa zen).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia