}

Anfibioen kontserbaziorako nazioarteko jardunaldiak

2002/02/18 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azken urteotan biologo eta ikertzaileak kezkatuta dabiltza, besteak beste, anfibioen populazioak asko murrizten ari direla eta. Eta, dirudienez, murrizte horiek mundu osoan eta azalpen garbirik gabe gertatzen ari dira.

Ohituta gaude halako espezieen arazoen arrazoia habitataren galera edo narriadura dela entzutera. Horren adibide dugu euskal kostaldean dagoen Mendizorrotzen hegoaldeko zuhaitz-igelarekin (Hyla meridionalis) gertatu dena. Baina gune babestuetan edota poluzio nabarmenik ez dagoen tokietan ere populazioek behera egin dutela entzutea arraroagoa zaigu. Eta hori da, itxuraz, anfibioekin gertatzen ari dena.

Horren guztiaren inguruan hitz egiteko, Arantzadi Zientzia Elkarteak jardunaldiak egin berri ditu Donostian, Anfibioen Kontserbaziorako Nazioarteko Jardunaldiak izenburupean. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, ez dute behin betiko irtenbide miragarririk aurkitu, baina hainbat tokitatik etorritako ikertzaileek zertan diharduten azaldu dute, batak besteari esperientzien berri eman eta norberari balio diezaioken lan-lerro berriak ezagutu.

Besteak beste, parasitoek anfibioen gain duten eraginaren berri eman zuten eta nola oso litekeena den populazio askotan ikertzaileek berek, erabilitako materialaren eta jantzien bidez, sartu izana parasito berriak (zehazki onddo kitridioekin gertatzen dena).

Klimaren berotzea ere aipatu da, batetik anfibioen anplexu eta errunaldiak gero eta goizago gertatzen direla azaltzeko, baina baita tenperatura-aldaketak putzuen iraunkortasunean, uraren tenperaturan eta beste faktoreetan duen eragina azaltzeko ere.

Argazkia: X. Rubio

Azken urteetan nahikotxo ikertzen ari den beste arloa argi ultramorearen erradiazioak anfibioetan duen eragina da. Erradiazioa handitu eragina du babesteko modurik ez duten espezieetako animalien osasunean, eta batez ere arrautzetan.

Aipatutako hiru faktore horiek izan daitezke, besteak beste, ondo kontserbatutako guneetan anfibioek dituzten arazoetako batzuk, baina horiez gain ohiko poluzioa, euri azidoa eta habitataren galera ere aztertu dira. Azken zati honetan kokatu dute hegoaldeko zuhaitz-igelak Gipuzkoan duen arazoa, eta espeziearen iraunkortasuna ziurtatzeko egin diren eta egiten ari diren lanen berri eman dute.

Dena den, anfibioen ikerketetan denbora eskalak duen garrantzia ere aipatu dute; alegia, anfibioen zikloak oro har nahiko konplexuak izanik, populazioen 2-3 urteko jarraipenen ordez, 10-15-20 urteko jarraipena egin beharra nabarmendu dute, batez ere klima aldakorra den tokietan.

Hitzaldiez gain, mahai-inguruak eta mendi-irteera bat ere egin dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia