}

Andeetako kondorra, berriro hegan

2001/11/12 Elhuyar Zientzia


Munduko hegaztirik handiena da ‘Andeetako espiritua’ edo kondorra, baina desagertzeko arriskuan dago aspalditik. Hori dela eta, Txile eta Argentinako biologoak Kondorra Askatzeko Programan elkarlanean aritu dira, eta, hainbat urteko lanaren ondoren, Andeetan zortzi kondor-kume askatzeko erabakia hartu dute.

Garai batean Venezuelatik Patagoniara zabaldua zegoen hegazti hau, baina 1973an desagertzeko arriskuan dauden espezieen zerrendan sartu zuten. Venezuelan desagertutzat eman da dagoeneko, eta Kolonbian eta Ekuadorren ehunen bat baino ez daudela uste dute. Peru, Bolivian, Txile eta Argentinan ere nabarmen murriztu dira.

Programaren arduradunen ustez, gizakia da kondorraren etsai natural bakarrenetakoa. Garai batean, abeltzainek, beren abereen aurka egin zezakeelakoan, etsai ikusi zuten, eta ahalik eta kondor gehien hiltzen saiatu dira urte luzez. Kondorra sarraskijalea da ordea, saiaren antzera, eta hildako animaliak baino ez ditu jaten. Bestalde, askok kondorraren haragia gizontasun-iturri zela eta gaixotasunen aurkako sendagarri modura erabil zitekeela uste zuten, eta horrek ere areagotu egin zuen kondorraren ehiza.

Oraingo honetan, ordea, biologo argentinar eta txiletarrak pozaren pozez daude. Bitxikeria modura, kondor-kume horietako bat 1972an Salvador Allendek Fidel Castrori opari modura emandako kondor-bikote baten kumea dela aipatu dute. Bestalde, kondorrak askatu bezain laster, NASAren laguntza izango dute beren hegalaldien arrastoa jarraitzeko eta habia non egiten duten jakiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia