Ametsak oroitzean eragiten duten faktore batzuk argitu dituzte
2025/02/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer faktorek eragiten dute ametsak oroitzeko ahalmenean? Galdera horri erantzuteko, Luccako IMT institutuko eta Camerinoko unibertsitateko ikertzaileek 18-70 urteko 200 pertsona aztertu dituzte, 2022-2024 artean. Eta ondorioztatu dute, faktore pertsonalez gain, inguruneak ere eragiten duela ametsak oroitzean.
Boluntario bakoitzak, 15 eguneko epean, bere ametsen berri eman behar zuen: amets egin izanaren sentipena ote zuen, eta, baiezkotan, zer gogoratzen zuen ametsaz, eta zer sentsazio izan zituen. Horrez gain, epealdi horretan, loa monitarizatzeko elektroentzefalograma eramangarri bat jarri zieten boluntarioei, loaren iraupena, kalitatea eta gorabeherak ezagutzeko. Era berean, galdeketak egin zizkieten, hainbat alderdi psikologiko neurtzeko: ametsekiko jarrera, egunez ameskerietan ibiltzeko joera, memoria, arreta…
Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute pertsonatik pertsonara alde handia dagoela ametsak gogoratzeko ahalmenean, eta faktore askok eragiten dutela, gainera. Esaterako, ametsekiko jarrera baikorrak dutenek joera handiagoa dute ametsak gogoratzeko, baita ameskerietan ibiltzeko joera dutenek ere.
Loaldiaren ezaugarriek eta adinak eragin handia duela ikusi dute. Batetik, loaldi arin luzeak egiten dituztenek gehiagotan gogoratzen dituzte ametsak. Bestetik, gazteek ere joera handiagoa dute ametsak gogoratzeko; adinekoetan, aldiz, ohikoa da amets egin izanaren sentsazioa izatea, baina ez gogoratzea edukia. Ikertzaileek azalpen bat ere iradoki dute horretarako: haien ustez, litekeena da loaldian oroimen-prozesua aldatzea adinarekin.
Azkenik, urtaroak ere eragiten duela baieztatu dute: udaberrian neguan baino gehiagotan gogoratzen dira ametsak. Hortik ondorioztatu dute inguruneak edo erritmo zirkadiarrak eragina izan dezakeela ametsak oroitzean.
Communications Psychology aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, ikertzaileek iradoki dutenez, klinikan ere erabilgarria izan daiteke; ametsei buruzko patologien azterketan, eta zenbait asalduen diagnostikoan, adibidez.
