}

ALMA teleskopioak aurkikuntza gozoa egin du izar gazte baten inguruan

2012/09/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Astronomo-talde batek oinarrizko azukre bat, glikoaldehidoa, detektatu du IRAS 16293-2422 izar bitar gaztearen inguruan. ALMA irrati-teleskopioari esker egin du aurkikuntza taldeak, eta Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratuko da.
alma-teleskopioak-aurkikuntza-gozoa-egin-du-izar-g
Glikoaldehidoa, IRAS 16293-2422 izar bitar gaztearen inguruan. - Arg. ALMA (ESO/NAOJ/NRAO)/L. Calçada (ESO) & NASA/JPL-Caltech/WISE Team

IRAS 16293-2422 izarra Lurretik nahiko gertu dago (400 argi-urtera dago); beraz, izarren eta planeta-sistemen sorrera aztertu nahi dituzten astronomoen jomuga da. Horren harira, ALMAren ahalmena goraipatu dute astronomoek. Haien esanean, Eguzkiaren antzeko izarren astrokimika ikertzeko aukera berriak ematen ditu irrati-teleskopioak.

Hain zuzen, glikoaldehidoak gas bihurtzean igortzen dituen irrati-uhinak jaso ditu ALMAk. Horren bidez izan dute molekularen berri. Aurkikuntza garrantzitsua da, glikoaldehidoa  RNA molekularen oinarrizko osagaietako bat baita. Aurrez beste bitan ere topatu izan dute espazioan, baina, orain arte, inoiz ez zen detektatu planetak sortzen ari diren eremu batean.

Ikerketa oso baliagarria da ulertzeko nola eratzen diren azukre-molekulak espazioan. Hala ere, ikertzaileek aitortu dute ikerketa gehiago egin beharko direla mekanismo horiek ondo ezagutzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia