}

Allosaurus-aren hozkada

2001/02/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Dinosauroek lilura sortzen dute, haien hortz erraldoien hozkada irudikatzeak, berriz, ikara eragiten du. Paleontologoek grinaz ikertzen dituzte dinosauroen hortzak, dinosauroen anatomiaz eta animalia haien elikatze-ohiturez gehiago ikasteko. Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek ingeniaritzan erabiltzen diren metodo analitikoak eta medikuntzako eskaner-teknikak Allosaurus-aren elikatze-biomekanika ezagutzeko erabili dituzte eta emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte gaur.

Garezur handiegia

Allosaurus fragilis teropodoa Jurasikoan bizi zen hankabiko haragijale erraldoia zen, Tyrannosaurus rex-aren familia berekoa. Bere historia naturalari edo gaitasun fisikoari buruz ez dira gauza asko ezagutzen, baina behatutako hortz-arrastoei esker, badakite Apatosaurus-a bezalako sauropodo handiak Allosaurus-en jaki izan zirela. Ez zituen alferrik 80 sable-itxurako hortz.

Hala ere, Allosaurus-aren garezurraren tamainaren inguruan beti egon dira galderak, bere hozkadarentzat sendoegia zirudielako. 1.400 kiloko Allosaurus-aren hozkada uste baino askoz ahulagoa zen, hain zuzen ere, gaur egungo otsoa edo leopardoa bezalako haragijaleen parekoa, eta gutxienez Tyranosaurus rex-arena baino 6 aldiz ahulagoa. Cambridgeko taldearen ikerketei esker, Allosaurus dinosauroak garezurra familia bereko beste harrapariak ez bezala erabiltzen zuela garezurra jakin ahal izan da.

Nonbait, harrapariak ehizatzeko beste modu bat zuen. Harrapakinak buruarekin kolpatuz ehizatzen zituen eta haragia eta hezurrak txikitu beharrean, ehun bigunetan sartzen zituen bere hortz zorrotzak; hartara, harraparia odolustuta hiltzen zen.

Ingeniaritza paleontologikoa

Orain dela gutxi arte dinosauro-hezurren barneko egitura anatomikoa ezagutzeko era bakarra hezurrak ebakitzea zen. Gainera, hezurdura harkaitzetik ateratzeak kalteak eragiteko arriskua zekarren. Azken urteetan, paleontologoek medikuntza- eta industria-tekniketara jo dute eta tomografia-konputerizatua erabiltzen hasi dira hortzak eta hezurrak suntsitu gabe harkaitzetik bereizteko. Horrela, fosilen barne- eta kanpo-morfologia aztertu ahal izan dute.

Allosaurus-aren kasuan, garezurraz baliatuz, bere morfologia funtzionala eta elikadura-ohiturak hobeto ezagutu ahal izan dituzte. Teknika horiek beste espezietan ere erabil daitezke eta burezurraren eta hortzen azterketaren bidez, faktore ekologikoak ere kontuan hartuta, nola eboluzionatu zuten jakiten lagunduko dute.

Dinosauroen biologiaren inguruko galdera asko gelditzen dira erantzuteke. Esate baterako, beste terapodoek ere hain burezur handiak zituzten ala ez, zenbaterainokoa zen dinosauroen burezurreko artikulazioen garrantzi mekanikoa eta beste asko. Ingeniaritza mekanikoa, paleontologia, eboluzioa, biologia eta morfologia konparatzailea uztartzen dituen bide hasiberriak galdera horiei erantzuten lagunduko du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia