}

Algak: Erregaiak sortzeko baliogarriak

2000/03/26 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Ezin esan algak modan daudenik. Modan egoteko, orain erabiltzen diren baino askoz ere hedatuago egon beharko lirateke. Hala eta guztiz ere, gero eta berri gehiago irakur daiteke algen inguruan. Batzuetan algen ezaugarri terapeutikoak izaten dira berri, beste batzuetan elikagai gisa duten onurak, kosmetiko edo botika berrietan ere gero eta gehiago erabiltzen omen dira… eta, azkena, algek erregaia sortzeko balio dezakete.

Berria hortxe dago: oso ohikoa den izen zaileko alga-mota bat -Chalamydomonas reinhardtii- hidrogenoa ekoizteko erabil daiteke, industrian hainbat erabilera dituen erregai garbia alegia.

Etorkizunari begira, energia alternatiboen bilaketaren bidean, hidrogenoa ondo samar kokatuta dagoela begi bistakoa da. Izan ere, uste da hidrogenoa erregai-pilen bidez elektrizitatea lortzeko edo eta motorretan erretzeko erabili ahal izango dela.

Dena den, hidrogenoa bera oso ondo kokatuta egon arren, lortzeko zail samarra da, prozesu kimiko konplexua behar baita. Bide hau bera ere, energia alternatiboen lasterketan, ez da batere estimatua, hidrogenoa gas naturaletik ateratzen baita. Jakina denez, gas naturala ez da iturri berriztagarria. Beraz, energia alternatiboen bilaketan ezer gutxi etor daiteke hortik. Naturak berak prozesu kimikoek baino irteera hobea eskaini die Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileei. Izan ere, lanean ari zirela zera aurkitu dute: Chalamydomonas reinhardtii alga, egoera jakin batean jarriz gero, hidrogeno-kantitate handia ekoizteko gai dela. Alga honen fotosintesi-prozesuan esku hartuz gero, hidrogenoa sortzen da. Beraz, algen kasuan, badirudi etorkizunean ura eta eguzkiaren argia izango direla lehengai bakarrak. Dena den, orain arte egin diren azterketak maila txikian egin dira. Ondorioz, gaur egungo ikerketen ekoizpen-datuak ez dira oraindik aintzat hartzeko modukoak. Hala ere, ikerketako arduradunak, Tasios Melis mikrobiologoak, dioenez, ikerketan aurrera egin ahala hidrogenoaren ekoizpen-prozesua hamar aldiz biderkatuko da, eta orduan ikusi ahal izango da erregaia lortzeko algak erabiltzea errentagarria den edo ez. Datuek, baikor izateko bidea ireki dute. Ikerketan esaten denez, landare txiki bat nahikoa izango litzateke astero dozena bat automobilen beharrak asetzeko.

Aditu askok uste duenez, etorkizunean hidrogenoa energia berriztagarri nagusia izango da, eta erregai fosilak ordezkatuko ditu, ez baitu ingurunea hondatzen. Hidrogenoa erretzen denean, ura -lurruna- geratzen da, edateko moduko ura gainera. Hala ere, bide horretan aurrera egin nahi bada, oraindik badago zer ikertu. Esate baterako hidrogenoa nola gorde ondo aztertu beharko da, oso gas lurrunkorra baita; garraiatzeko modu hobeak ere aurkitu beharko dira, eta zer esanik ez hornidura-sistema. Aipatutakoak arazoak dira, baina ez da uste muga izango direnik, eragozpen soilak baino ez.

Sistema bitxi eta alga arrunt honekin topo egin den arte, zientzialariek jakin bazekiten algak hidrogenoa ekoizteko gai direla; aspalditik jakin ere, gutxienez duela 60 urtetik. Azken ikerketei esker algetako molekulen etengailua aurkitu ahal izan da, fotosintesi-sistema abian jarri edo geratzea eragiten duena. Fotosintesi-sistema edo -prozesu hori etenik gabea bada, fotosintesia geratu egiten da eta ez da oxigenorik ekoizten. Sistema gerarazteko, sufrea kentzen da alga dagoen tokian. Oxigenorik gabe, zelula anaerobikoak ez dira gai izaten erregaia ohi moduan erretzeko; hau da, arnasketa metabolikoaren bidez. Bizirik iraun ahal izateko, algek sistema alternatiboa erabiltzen dute, eta sistema horretan hidrogenoa sortzen dute. Egoera horretan algek ezin dute denbora gehiegi iraun, baina bai hidrogeno-kopuru handi samarra ekoizteko beste. Oraingoz ikertzaileek alga-mota bakarrarekin egin dute lan, baina uste dutenez baliteke alga ugarik izatea sistema alternatiboa. Beraz, energia-iturri ia bukaezina izango lirateke.

Algak, ezezagun horiek

Algen ezaugarriei buruz gero eta gauza gehiago ezagutzen den arren, zientzialariek dakitena oraindik oso gutxi da. Kopuruetan ere ez dira ados jartzen. Aditu batzuen ustez, orain arte deskribatu diren espezieak 45.000 izango lirateke; beste batzuk diote 100.000 inguru badirela; eta azken datuen arabera, deskribatuen eta deskribatu ez direnen artean, alga-espezieen kopurua 130.000 ingurukoa izango litzateke. Nahiz eta horretan adostasunik ez egon, aditu guztiak bat datoz puntu batean: algei buruz ezagutzen dena oraindik ere oso gutxi dela.

Hala ere, naturaren beste hainbat kasutan bezala, ugari izan arren, algen etorkizuna ez da batere argia. Bizi-ohituren aldaketaren ondorioz, itsasoan ere aldaketak etengabe gertatzen dira. Gero eta eraikin gehiago dago kostaldean, gero eta jende gehiago bizi da kosta inguruetan, ondorioak argiak dira: poluzio handiagoa, ur zikin gehiago itsasora, kostaldearen degradazioa… naturaren beraren aldaketa.

Etorkizuna itsasoan omen dago, baina etorkizun hori errealitate izan dadin gehiago zaindu behar da itsasoa. Izan ere, itsasoan gertatzen diren prozesu biologikoek eragina dute ekosistema guztien egonkortasunean. Horregatik guztiagatik, zientzialari askoren XXI. mendeko ikerkuntza-lanak itsasoa izango du lantoki.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia