}

Alde batera eta bestera okertzen den trena

2001/07/09 Astobiza, Amaia


Ingalaterran, Virgin Trains enpresa bihurguneetan okertu egiten den abiadura handiko trena probatzen ari da.

Bidaiari askok trena beste garraiobideak baino erosoagoa dela uste badu ere, batzuetan ezinezkoa izaten da lo-kuluxka egitea. Izan ere, ibilbidean bihurgune asko daudenean gorputza alde batera eta bestera ibiltzen da, indar zentrifugoak eraginda.

Arazo hori konpontzeko, ingeniariek punta-puntako teknologia erabili dute bihurguneetan okertu egiten den trena eraikitzeko. Modelo berriari Virgin’s Pendallino izena jarri diote, penduluaren mugimendua gogoan. Bihurgunean sartu aurretik, bagoiak alde batera okertzen dira; irtetean, aldiz, beste aldera. Hartara, bihurguneak abiadura gutxitu barik har ditzake eta bidaiariek ez dute hara-honako mugimendurik nabaritzen. Pendallino trena 140 milia orduko baino bizkorrago ibiliko da; egun, abiadura handiko trena gutxi gora behera 110 milia orduko mugitzen da.

Hilaren 13an lehenengo probak egiten hasiko dira, Leicestershire-ko trenbide batean. Arduradunen asmoen arabera, datorren urteko erdialdean hasiko dira tren berriak erabiltzen, mendebaldeko kostaldeko linea nagusian. Bitartean, Railtrack enpresako langileak trenbideetako hainbat zati egokitzen ari dira, trenek abiadura handi horiek hartu ahal izan ditzaten.

Trena, hala ere, hasieran ez da hain azkar ibiliko. Lehenengo hiru urteetan, orduko 125 miliako abiadura izango du. Abiadura horretan, Londrestik Glasgow-era 5 ordu eta 15 minutuan iritsiko da. 2005. urterako, aldiz, orduko 140 miliako abiadura izango du, eta ibilbide bera 3 ordu eta 55 minutuan egingo du.

Trena egiteko erabili duten teknologiaren oinarria duela 20 urte probatu zen lehenengoz Ingalaterran. Orduko hartan, ordea, ez zuen arrakastarik izan. Bagoiak ez ziren seguruak eta bidaiariak txarto sentitzeaz kexatzen ziren. Orain, ordea, hasierako proiektuan parte hartu zuen Alan Wickins doktorearen esanean, arazo hori konponduta dago. Hasieran, bagoiak asko okertzen ziren eta indar zentrifugoa guztiz neutralizatzen zen, eta hori omen zen ondoezaren arrazoia. Hori ikusita, gutxiago okertzen ziren bagoiak egitea pentsatu zuten. Baina trena egitea luze zihoan, eta British Rail enpresak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen 80ko hamarkadaren hasieran. Garai hartan, Italian ere antzeko trenak diseinatzen ari ziren. Han, ostera, proiektua aurrera ateratzea lortu zuten, eta egindako bagoiak trenbideetan dabiltza oraindik ere.

Nolanahi ere, abiadura handiko tren guztiek ez lukete zertan okertzen direnetakoak izan. Bihurguneak oso itxiak ez direnean, ez da beharrezkoa trena alde batera eta bestera okertzea. Frantzian, adibidez, trenbideak zuzenak dira, eta horrek egiten du, neurri batean, trena abiadura handikoa izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia