}

Alan Turing, 100 urte

2012/06/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

alan-turing-100-urte
Arg. © HNF

Aste honetan, ospakizun handia dago zientziaren arloan: Alan Turingen jaiotzaren mendeurrena da. Londresen jaio zen, 1912ko ekainaren 23an, eta XX. mendeko zientzialari handienetako bat izatera iritsi zen. Matematikaria zen, logikan aditua eta filosofoa, baina haren lanak zientziaren beste esparru askotan ere izan zuen eragina.

Asko idatzi da Alan Turingi buruz. Beharbada, haren ekarpen handiena konputazioarekin egindako lana izan zen, informatika modernoaren oinarriak ezarri zituelako. Turingen makinaren ideia garatu zuen, gaur egungo ordenagailu guztien oinarri teorikoa dena, eta algoritmoaren definizio modernoa sortu zuen. Bigarren Mundu Gerran, Bletchley Parkeko zentro sekretuan egin zuen lan, Ingalaterrako hegoaldean, alemaniarren mezuak deskodetzen. Eta, gerra bukatu ondoren, adimen artifizialaren bidea ireki zuen. 1950eko hamarkadaren hasiera zen. Handik gutxira, 1954an, hil egin zen.

--> Makinei bizia eman zien pertsona

--> Informatikak zor diona

--> Alan Turingen biografiak

--> Alan Turingi buruz Jesus Ibañez informatikariak hitz egin du luze Norteko Ferrokarrilla irratsaioan.

Turingek zientziari egindako ekarpena harrigarria izan zen, eta haren bizitza, aldiz, zientziatik kanpo, zaila eta tragikoa. Homosexuala zen, eta horrek arazo handiak ekarri zizkion XX. mendearen erdialdeko Ingalaterran. Han, homosexualitatea ilegala zen; hain zuzen ere, kartzela-zigorra ezarri zioten horregatik, baina aukera eman zioten “sexu-irrika gutxitzeko hormona-terapia” bat jasotzeko. Bigarrena aukeratu zuen. Ustezko terapia horren ondorioz, Alan Turing gain behera joan zen. Pozoituta hil zen, seguru asko bere buruaz beste eginda.

43 urte betetzeko egun batzuk besterik ez zitzaizkion falta, eta urte gutxi batzuk besterik ez egindako lanaren arrakasta handia ikusteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia