Akustika arakatuz
1986/08/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zilarrezko edota edozein metalezko goilare bat hari batez (hariaren erdian) lotu ezazu eta hariaren mutur bakoitza belarri batean sartu, bitartean goilareak mahaiarekin talka egiten duelarik. Talkak entzungo dituzu, noski. Are gehiago, talka-uneko hotsa hain da bortitza non katedraleko kanpaia bait dirudi. Zer frogatu nahi da saiakuntza honekin? Ez airean bakarrik; beste ingurunetan ere transmititzen dela hotsa alegia.
Inoiz entzungo zenuen zerbait kordazko telefonoaz. Egin dezagun bat. Latorrizko bi zilindroren hondoan kartoi-pieza zirkular bana sartzen dugu. Ondoren 15-20 m-ko luzera duen zetazko hari batez bi kartoiak kabletzen baditugu, osaturik izango dugu kordazko telefonoa. Batek zilindro batetik hitz egiten duen bitartean, besteak belarria jarri beharko du beste zilindroan.
Soinuaren abiaduraz jabetzeko, ez dizut saiakuntzarik proposatuko; normalak diren gertaera batzuk bakarrik aipatuko dizkizut. Tximista suertatu ondoren trumoia ez da bapatean entzuten; segundo batzutara baizik. Berdin gertatzen da urruti samar dagoen ehiztari batek tiro egiten duenean. Tiroaren hotsa ez dator bat kearekin gu gauden lekuan. Konturatuko zara beraz, soinu-uhinak abiadura jakin bat daukanaz. Argiarena baino handiagoa ala txikiagoa den jakitea, zure esku uzten dugu.
Artikulu honi amaiera emateko, maila desberdineko hotsak sortuko ditugu etxeko mahaiaren gainean. Ipin itzazu zazpi edalontzi berdin mahai gainean, baina bakoitzean dagoen likido-kantitatea desberdina delarik. Musikari trebea baldin bazara, ez zaizu gehiegi kostatuko edalontziak goilare batez kolpatuz, zure etxekoak harritzea.